Goiena, 2012.10.31
Euskal Herrian independentziaren aukera bidea
egiten ari da. Alderdi abertzaleak gero eta argiago mintzo dira
independentziaz, autodeterminazioaren aldarria ahultzen utzita.
Neurri handian bilakaera hau zor zaio beste
herri batzuek egindako bideari. Quebec izan zen lehena, eta azken boladan beste
batzuk abiatu dira indartsu: Eskozia, Katalunia, Flandria… Gu bezala mendebaldeko
herri garatuak, Europan kokatuak, politikaren bitartez ari direnak.
Hauek zuzenean ari dira aldarrikatzen independentzia.
Hain zuzen gehiengo argi batek eskatzen duenean, estatuak derrigortuta egongo
direlako aukera hori onartzera. Hori ebatsi zuen Kanadako epaitegi gorenak, eta
horri egin dio bide Cameron agintari britainiarrak eskoziarrei eman dienean
erreferendum loteslea egiteko baimena. Alde ederra Espainiatik datorren zarata
zatarrarekin! Demokraziak ere primerakoak eta segundakoak daude nonbait.
Azkenean, eta demokraziaren izenean, Europan
bidea zabalduko da. Eta gurean, presak ahaztuta ganora nagusitzen bada eta
indarra metatzen, independentzia ez da ezinezkoa izango. Ganora, indarra eta
pazientzia, horiek dira behar ditugun hiru bertuteak.