Goiena. 2012.10.22
Atzoko argazkiak hobeto irudikatzen du EAEko
aukera politikoen indar-erlazioa. Eta nabarmena da autogobernuaren ardatzean
aisa nagusitu direla (ia bi heren) haratago joatearen aldekoak oraingoa
defendatzen dutenen gainetik. Orain arte Jaurlaritza osatu edo sostengatu
dutenek argi ikusi dute norainokoa den beren benetako indarra. Hau da lehen
datu esanguratsua.
Bigarrena da EAJk berreskuratu duela ekimena
eta zer nolako koska atera dion EHBilduri. Hain zuzen, koska horrek joko-zelai
ugari zabaltzen dio Urkullu lehendakari berriari eta aukera areagotzen
geometria aldakorrean aritzeko. Ezker abertzalearen hatsa gertuago eduki izan
balu, agian behartuago sentituko zen gobernu hitzarmenen bat lotzera bere
lehendakaritza apur bat egonkortzeko. Orain nahikoa izango du adostasun
puntualak eraikitzea gaien arabera, gehiengo ezberdinak ematen bai ditu
Legebiltzar berriak.
Hirugarren datua da EHBilduren emaitza. Aisa
gainditu ditu orain arteko markak, beraz emaitza historikoa da eta egoera
bikaina ematen dio ezker abertzaleari bere egitasmoa garatzeko eta barne
egituraketa burutzeko, lege arazoak gaindituta. Baina Gipuzkoako datuek
erakusten dute ezer ez dela betiko eta politikan are gutxiago. Asko hurbildu
zaio EAJ, elkar ulertzera kondenatuak daude.
Datu horien gainetik dago egoerak eskatzen
duena: erakunde arteko lankidetzan krisiari erantzutea, bakegintza bidean
aurrera egitea eta etorkizuneko herri-egitasmoa adostea. Biak uztartuta
ateratzen da euskal politikak behar duen errezeta: apaltasun handia,
elkarrenganako errespetua, lankidetzarako jarrera eta asko hitz egitea.
Zorionez, hauteskunde gauean alderdien
ordezkariei entzun dizkiegun hitzak norabide horretan joan dira, ia
salbuespenik gabe. Iraun dezala jarrera horrek, denon onerako.