Goiena, 2012.10.05
Derrigorrezko lana utzi nuen eta lasaiago
bizitzeko plana egin. Eta lehen hilabeteetan lortu nuen abiada moteltzea, burua
altxatzea eta kiloren bat galtzea. Baina uda aurreko eta osteko asteotan
berriro azkartu da nire bizitzaren zirimola eta goien graduko urakanaren indarra
hartu du. Baretuko al da ezer suntsitu baino lehen!
Udagoiena berez dago trinkoa: krisia eta
murrizketak, hemengo hauteskundeak eta Kataluniakoak… Madrilgo presidentaren
dimisio behartua gertatu eta bi egun soiletan estalita geratu da gaia bestelako
zarata artean.
Baina nik dauzkat gainera: Topagunearen
Kongresu mardula azaroan eta haren aurreko prozesu parte-hartzailea; TOKIKOMen
lehen ekimenak gauzatzea eta bazkide multzo berri baten sarrera; euskal
hedabideen sektoreko elkarte berriaren eratzea; horiek guztiek eskatzen duten
sukalde lana eta konspirazioa; eta ez dira falta agerraldi, mahai inguru,
hitzaldi eta abarrak. Eta, primer,
mahastia eta bihar -urriak 6- mahats batzearekin burutuko dugun urte osoko
lana.
Jubilatu okupatuaren sindromea da. Bai, hasi
naiz ni ere galdera errituala egiten: nola arraio hartzen nuen lehen astia
lanera joateko?