Goiena, 2012.09.07
Ohikoa bihurtu zuen sindikalgintzak udazken
beroa iragartzea, lan-hitzarmenen negoziazioaren ildotik. Eta ez da aztia izan
behar antzemateko aurtengo udazkenak areagotu egingo dituela orain arteko
hondamendia eta herritar gehienon larritasunak, krisi zitala eta bere kudeaketa
eskasa direla medio.
Baina nik gurean zantzu baikorragoak ere
ikusten ditut. Unibertsoan omen diren zulo beltzen antzekoa izan da hemen armen
aroa eta haien antzera energia mordoa zurrupatu digu gure zulo beltzak urte
luzez. Hasten ari garen aro berrian energia hori erabilgarri izango dugu.
Halaber, lubakitik lubakira egin den politika zelai irekian egitera pasa
gintezke, eta horrek esparru komunak sortzeko eta indartzeko aukera lekarke.
Euskararen eta euskal hedabideen dinamikan
murgilduta nabilelarik, begibistan ditut zantzu baikorrak: irekitasuna,
lankidetza giroa, eraldaketarako gogoa… Ez, ez naiz inozoa. Badakit oro ez dela
urre, eta garai zaharrak ez direla oraindik gainditu. Baina ibaiaren beste
aldea bistaratzen hasi gara eta gure abileziaren baitan egongo da zubiak
eraikitzea. Enbata ahaztu gabe, lanez eta aukerez betea dator udagoiena.