Goiena, 2012.06.09
Bi euskal film tokatu zaizkit parean egunotan:
Gartxot eta Gazta zati bat. Lehena ikusia nuen estreinatu berritan, duela ia
urte bete. Besteari oraindik labearen epeltasuna dario.
Gartxot da begirada bat iraganari eta argi erakusten du historia zenbateraino den
ezberdina begiaren arabera. Memoria historikoa eta iraganaren kontakizuna denon
ahotan dabiltzagunean, XII. mendeko gertakari lazgarriak agerian uzten ditu
egungo egoerara ekarri gaituzten dominazio mekanismoak eta ahalegin genozidak.
Marrazki animatuak dira baina ez da haurrentzat egina, ez eta bihotz
bigunentzat.
Gazta
zati bat gehiago da etorkizunaz hausnarketa,
dokumentalen moldean, eta aztertzen du Idiazabalen sortutako mugimendu bat
familia politiko ezberdinen artean erabakitzeko eskubidea bultzatzeko. Herri
kirola eta gazta oinarri hartuta, Eskoziarekin hainbat urtez landutako
harremana kontatzen da eta bidea eginez ekimenak izan duen garapena.
Bi filmak bete-betean dira zinema politikoa,
oraintxe behar dugun klasekoa. Hau da, bultzatuko gaituena epe luzeko ildoak herritarron
artean mamitzera, gero alderdiek eguneroko kudeaketan gauzatu ditzaten.