Mugituko ditugu

Goiena, 2012.01.13

Handia izan zen larunbatekoa Bilbon. Alde
bateko lana ondo ari da garatzen, hiru urtean ez da egon (agerian behintzat)
atzera pausurik. Beste aldeari kostatzen ari zaio. Rajoy ez da ausarta, hobe
amets handirik ez egitea. Baina leloa ere ez da, komeni zaionean zerbait egingo
du.

Eta komeni zaio, Europak ez dago soilik Espainiako
defizitari begira. Iritzi publikoa oso muturrera joanda dauka eta estu hartuko
dute. Baina leloenak ere badaki ETA desagertzea ezinezkoa dela zientoka preso
espetxean dauden bitartean; eta zirrikituak ireki beharko direla, berandu baino
lehen. “Estatuak jakingo du eskuzabal izaten” entzun izan diegu.

Hori baino lehen, ordea, eskubideak daude. Eta
Bilbon eskubideak aldarrikatu ziren. Espainian diote legea bete behar dela.
Hemen ere horretan gaude: espetxe politikaren gainetik berma daitezela legeak presoei
aitortzen dizkien eskubideak. Eta horretarako ez da behar presoen urratsik;
nahikoa da gizalegea, behin jakinda jardunbide armatua amaitu dela betiko.

Udazkenean EAEko hauteskundeak espero
daitezke, giro eskasa politikariei ganora eskatzeko. Baina aurten gauzak
mugituko dira, mugituko ditugu.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Mugituko ditugu bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude