Kutxa Bank: honezkero bai

Aspaldi egin nuen amets eskal kutxen
bategitearekin, euskal banku publikorantz. Hasieran laurena espero nuen, Federazio bat osatzen
baizuten. Baina, beste esparruetan nola, nafar kutxa aldendu egin zuten bere agintariek Federaziotik, oraintsu Sevillara eraman duten arte.

Porrotak eta erasoak

Beste hirurek elkarrenganako bidea hasi zuten
1990-91n, lurralde bakoitzean kutxa munizipala eta probintziala batu ondoren. Eta
bidea hastearekin bat hasi ziren trabak eta oztopoak, handik eta hemendik,
orain arteko ahalegin ezberdinak hutsean uzteraino.

Ezintasun horretan, ordea, ingurumaria aldatuz
joan da eta bereziki azken hiru urteotan erabat bestelakoa bihurtu da. Krisia baliatuz,
Espainiako bankuek eta gobernuak aurrezki kutxen aurkako gurutzadari ekin
zioten eta, hainbeste estutu dituzte, dagoeneko ez dela bakar bat ere geratzen
ohiko moldean iraungo duenik. Guztiak daude banku bihurtzeko bidean,
finantz-ekosistema espainiarrean bizirik iraungo badute.

Eredu propioa?

Euskal kutxek, kaudimen handiari esker,
bazuten tartea lehen erasoei eutsi eta eredu propio bat lantzeko. Baina lan
hori, kutxen zuzendaritzetatik haratago, herrigintza sendoan kokatzen da. Izan
ere, kutxen batzar nagusietako herri ordezkariek onartu behar dute haien
bilakaera, bi hereneko gehiengoarekin.

Egin zitekeen, duela bizpahiru urte, aditu
talde bati egitasmo bat eskatu eta gero egitasmo hori adostu erakunde, alderdi
eta sindikatuen artean. Agian lortuko zen, sendotasun finantzarioari beste
sendotasun instituzional hori erantsita, Espainiako gobernu eta bankuen afrontu
guztiei aurre egitea. Baina ez da egin.

Realpolitik

Eta orain Kutxa Bank da aukera bakarra. Bermeak
badaude kutxen bankua izan dadin, bestelako esku-hartzerik gabe. Eta, gaur
posible den heinean, seguru da hiru Gizarte Ekintzek iraungo dutela eta haziko
direla, bategitearen abantailei esker.

Noski, ametsaren zati batzuk galdu dira
bidean, ahaleginak hutsean geratu ahala. Baina Kutxa Bank egitasmoan oraindik
geratzen dira, inon geratzekotan, euskal banku publikoaren haziak, herrigintza
indartsuak noiz ernaraziko. Bestalde, ziur nago ahalegin honek kale egingo balu
hurrengoa txarragoa litzakeela.

Horregatik desio dut –eta espero- Kutxa Bankek
jasoko duela irailean hiru batzar nagusien onarpena.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

9 erantzun Kutxa Bank: honezkero bai-ri

  1. egilea: Ander

    Mikel:

    Ez duzu proiektua ezagutzen ala alderdi baten disziplinaren menpe zaude? Nola esan daiteke horrelakorik? Oraingo proiektuaren asmoa ez da Euskal Herria. Espainia mailako banku handi bat sortzea da, Burtsara joan eta kapitala eskuratu kanpoko proiektuak finantzatzeko. Zer harreman du honek betiko Euskal Banku Publikoarekin? Juxtu kontrakoa da hau: Gure betiko Kutxak, pixkanaka, gero eta gehiago, Burtsako inbertsoreen eskuetan utzi. Mesedez! Bi aldiz pentsatu, eta irakurri irakurri beharrekoa, Interneten zure iritzia azaldu aurretik. Kontutan hartu zer motako proiektu sustatzen ari zara. Eta gutxieneko arduraz jokatu.

  2. egilea: mikel

    Hartu arnasa, Ander. Egitasmoa ondo ezagutzen diat, ez nagok inoren menpe, eta ez nauk ari egitasmoaren atzean dauden ‘asmoak’ juzkatzen, egitasmoa bera baizik.

    Eta egitasmoak badizkik bere arriskuak, dudarik gabe. Baina ez euskal kutxak bere horretan geratzeak baino handiagoak, araudi espainiarra jarri den bezala jarrita. Eta ez ahaztu kutxen batzar nagusiek hartuko dituztela erabaki estrategikoak bankuan, eta kutxen asanbladak osatzen dituztela udalen, aldundien, bezeroen eta langileen ordezkariek.

    Kontrola aldatzen ez denez, uste diat badagoela aukera bankuaren bilakaera bideratzeko. Hori bai, denok horretan jartzen bagaituk, petralkeriak alde batera utzita.

  3. egilea: Ander

    Ba ez, Mikel.Egitasmoa bera “dena” uzten du lagun gutxi batzuen eskuetan. “Dena” esaten dudanean gure herriaren  etorkizun ekonomikoa eta gizarte etorkizunaz ari naiz.

    Nun dago esanda Kutxen Batzar Nagusiek hartuko dituztela erabakiak eta ez Kutxen Administrazio Kontseiluek?

  4. egilea: mikel

    Gaur egun kutxen batzar nagusiek aukeratzen ditek administrazio kontseilua, eta honen gidatzen dik jarduera. Kutxa Banken kutxen batzar nagusiek aukeratuko ditek bankuaren administrazio kontseilua, bakoitzak dagozkion kontseilariak. Hori ez duk aldatzen.

    Eta egitasmoak ‘dena’ bankuaren eskutan jartzea aipatzen duenean esan nahi dik ‘negozioaren atal guztiak’, ez ‘herri honen etorkizuna’. Izan ere Gizarte Ekintza soil-soilik geratuko duk kutxa bakoitzaren eginkizun. Bankua kontrolatzeaz gain, noski.

  5. egilea: Ander

    Errealitatea: Bankarizazio proiektu hau inprobisazio bat izan da. Martxoan bertan sortutako inprobisazioa. Ordurarte, herri honen alderdi guztiak egon dira honen aurka. Baina pertsona bat alde: Mario Fernandez, bere lidergopeko “banku handi bat” sortzeko proiektuarekin, merkatua EH gabe Espainia izango duena eta Burtsan elikatu beharko litzatekena. Martxoan bertan, proiektu hori mahai gainean jarri eta gure politikoak ez dira gai izan “EZ” esateko. Zergatik? Argi eta garbi dago komunikabide guztietan: Haien ardura bakarra alderdien arteko aginte banaketa izan delako. Eta herri honen etorkizuna bigarren mailan utzi. Konkretuki: EAJ guztiz urduri dago boterea galtzeko arriskuarekin. Bere ardura bakarra: Kutxa eta Vital kontrolatzeko aukera ziurtatzea. Ez dira konturatu proiektu honekin hasiera batean horrela izango dela baina, epe ertainera, EAJk berak galduko duela botere hori. BB, BV eta Bankoaren kasuak hor daude. Herri hau oso txikia da burtsan eskatuko diren kapital handitzeei aurre egiteko. Gero eta gehiago, akziodun berrien artean sakabanatuko da kapitala. EAJk lortuko ditu epe laburreko bere helburuak, baina herri honentzako -eta EAJrentzako ere epe luzera- izango dituen kostuak ikaragarriak izango dira.

  6. egilea: mikel

    Ander, estimatzen diat tonua egokitu izana eta hire irakurketa eskaintzea egitasmo honen ingurumari politikoaz. Hala ere, nire jarrera askozaz ere oinarrizkoagoa duk:

    1. Ez diat beste alternatibarik ezagutzen hau baino hobea eta aldi berean hau bezain egingarria (lege araudia, batzarren onarpena…)

    2. Egitasmoaren arriskuak hor zaudek, baina baita arrisku horiek saihesteko tresnak (kontrola, bermeak…)

    3. Sortuko litzatekeen egoera ez duk niretzat amestutakoa, baina bai balekoa, beti ere gizarteak bere indarra norabide egokian egiten badik.

  7. egilea: Ander

    Benetan, ez dot uste esaten dozuna sinisten dozunik.
    Barkatu. Nire tonuaren arrazoia haserre bizia da. Gure herriaren etorkizuna jokoan jartzen ari dira alderdi politiko batzuk, epe laburreko interes merkeen truke. Sinesgaitza eta jasangaitza.

    1. Alternatiba hobe? Zer moduz betiko proiektua, hiru kutxak bat egitea beste kutxa handiago batean?

    Eta, bestela, zer moduz Kutxa -eta beste biak- bere horretan mantentzea? Estatuko finantza erakunderik solbenteenak dira. Orduan, zer arazo dago horretarako?

    Mesedez, alderdi politiko guztiek dakite, eta oso ondo, gure herriarentzat proiektu hau guztiz kaltegarria dela. Hori bai, pertsona konkretu batzuk aberastuko dira. Eta alderdi batzuk, epe laburrera, boterea irabaziko dute.Besterik ez.

    2. Arriskuak saihesteko tresnak? Burtsara joan eta kontrola epe luzera mantendu? Horren itxaropena izatea ipuinetan sinestea da. Begiratu zer gertatu zen BBVArekin, BANKOArekin, etab.Ez gaitezen einganatu: Proiektu hau onartzea gure finantza sektorea hankaz gora jartzea da eta, azken finean, gure herriaren finantza autogobernuarekin. Benetan: gure alderdi politikoek aztertu eta eztabaidatu duten bakarra haien arteko botuen banaketa izan da. Bestela, bost axola zaie. Horrela gaude.

    3. Balekoa? Ez, sentitzen dut. Ez da balekoa. Benetako hondamendia da gure finantza egiturentzat, eta gure herriarentzat.

  8. egilea: mikel

    Marka litzateke nire blogean libre-libre esaten dudana neronek ez sinestea! Nirekin ez nahastu, Ander: esaten dudana eta uste dudana BETI datoz bat.

    Hiru kutxak kutxa handiagoan bat egiteak ez dauka aurrera egiteko inongo aukerarik. Azken ahalegina duela hiru urte egin zen, eta emiatza ezaguna duk: Vital sartu ere ez zen egin, eta Kutxaren batzar nagusiak ezetza eman zion, PSE, PP, eta ezker abertzalearen aurkako botoarekin.

    Kutxak daudenetan irauteak, nire ustez, zailtasun eta arrisku handiagoak ditu Kutxa Bank egitasmoak baino.

    Banku berria burtsara irtengo den ala ez ikuskizun dago, eta hori erabakiko dute kutxen batzar nagusiek aukeratutako ordezkariek.

    Hortik aurrera, literatuta subjetiboa (‘pertsona konkretu batzuk aberastuko dira’ edo ‘alderdi politiko guztiek dakite’) errespetatzen dut baina ez du argudio baliorik.

    Amaitzeko, Ander, haserre bizia sentimentu aberatsa duk eta gustatzen etzaigunaren aurrean oso beharrezkoa. Baina horrek etzeukak zerikusirik hire lehen mezuaren petralkeriarekin. Estimatzen diat haserrea galdu gabe tonua egokitu izana eta hire usteak azaltzen hartutako lana. Hortik aurrera, gure mezu-trukea irakurtzeko pazientzia izan duenak landu dezala bere iritzia.

  9. egilea: Ander

    Bueno, Mikel. Salbuespena izango zara, orduan. Zer, benetan, proiektu horretan benetan sinisten duenik ez dago, Mario Fernandez eta beste gutxi batzuk kenduta. Ezker abertzalea aurka. Aralar aurka. EA aurka. Alternatiba aurka. Hamaikabat aurka, baina aldeko botua emanez. EAJko militanteak aurka, baina alderdi disziplina … EAJko Zuzendaritza aurka, baina PSOE konbentzitu behar zen. PSOE aurka, baina PP konbentzitu behar zen, etab. etab. Hainbat eta hainbat arduradun politiko dabiltza pentsetan: Baina non sartu ote gara? Kontua da: nor ausartzen da orain atzera jotzera?

    EAJn agindu zehatz egon da danak ixilarazteko asuntu honetan. Zergatik? Oso argi dago. Herri honentzat ona edo txarra izatea, bigarren mailako kontua da. Kontua da alderdiarentzat, haien ustez, probetxu handiko kontua dela, Araba eta Gipuzkoan galdu duten aginte politikoa botere faktiko moduan mantentzeko. Gauza jakina da EAJko militanteen artean eta gure klase politiko osoan.

    Hiru kutxek ez dute inolako arazorik orain arteko moduan jarraitzeko. Estatuko solbenteenak dira. Bat egiteko beharra EAJk asmatutako gezurra da, bere helburu politiko propioengatik. Eta bankarizazioaren beharra, beste gezur bat, PP konbentzitzeko. Gure arduradun politikoen artean oso gauza ezaguna da.

    Biak, bat egitearena eta bankarizazioa, hankasartze hutsak ikuspegi ekonomiko batetik. Baina zeharo desberdinak. Fusioak, gutxi gora behera, kutxen izaera errespetatzen duelako. Bankarizazioak ez. Bankarizazioa gure herriaren funtsezko ondarea saltzea da, besterik ez. Zertarako? Gure klase politikoaren interes merke batzuen truke.

    Barkatu baina zuk esandakoa “objektiboa” izatea eta nire arrazoiak “subjektiboak” ba, zer nahi duzu,  barre egiteko modukoa, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude