Opor giroa

Goiena 2011.07.22

Ez da giro oporren bezperan. Eraso betean
dabiltza merkatuak estatuen aurka. Ahulezia ekonomikoa non, han agertzen dira
harrapariak, rating agentziak aurrez prestatutako bazka jatera. Gero eta
txotxongiloago ikusten dira agintariak, ezarritako gidoia antzesten talentu eta
konbentzimendu eskasarekin. Une batez ere ez zaie nabaritzen erasoei aurre
egiteko adorerik.

Eta bitxia da oso nola merkatu librea, urte
oparoetako zoroaldian sekulako aberiak eragin eta gero, are zoroago jokatzen
ari den krisiaren erdian, libreago eta berekoiago, inongo aginte publikoren
kontrolik gabe. Inondik ere, garai txarrak dira lirikarako.

Baina oporrak datoz, eta abuztuan arazoak
konpondu ez dira egingo baina bai lausotu eta urrundu. Marrazoek ez dute
atsedenik hartuko baina gai arinagoak nagusituko zaizkigu eguzkiak bigundutako
kaskezurrean, eta lagunarte gozoek anestesiatuko digute adimena gutxiago sufri
dezagun.

Tarteka gogora dezagun udagoienak ekar
ditzakeela kontu pozgarriak euskal gizartearen bilakaeraz. Eta irailerako
apuntatu: gizabanakook merkatuari aurre egiteko dugun arma bakarra da harekiko
menpekotasuna gutxitzen joatea.

Ondo pasa uda!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude