Goiena, 2011.06.24
Udal berrien osaketak ez du aparteko
katramilarik sortu eta, oro har, argazki instituzionala bat dator hauteskundeen
emaitzarekin. Sanoa da hori.
Oraintxe Aldundiak daude labean eta hemen ere
zentzuzko emaitzak espero daitezke. Araban Ezker Batuak hautatuko du PP edo
EAJ, eta Nafarroan PSNk hobetsi du morroi izatea buruzagi baino. Beretzat
izango du kaltea.
EAEn gerta daiteke Aldundi bakoitza hiru
alderdi ezberdinek gobernatzea eta Jaurlaritza laugarren batek. Honenbestez,
lau erakundeak elkartzean nolabait martxan legoke alderdien mahai famatua.
Urrats hauek ondo gauzatuta, ezker abertzalean
politikak beteko du lan-esparru osoa, politika instituzionala ardatz duela.
Gero eta nabarmenago dira borroka armatua eta kale borroka iraganeko kontuak. Are
gehiago Arnaldo balego libre Sortu legeztatuaren gidari.
Udako oporren bueltan espero dut han-hemenka
maiz ikusiko ditugula normalizaziorako urratsak, elkarbizitzarako keinuak eta
aurrerapauso esanguratsuak. Ez da dena jai izango eta agertuko dira trabak edo
probokazioak. Baina heldutasuna somatzen dut, baikortasun heldua. Udaberri
itxurarekin aurreikusten dut udagoiena.