Bi katu izan dira gurean denbora luzez: Txuri eta Beltxi. Hau iaz akabatu zen, adinak jota. Txuri bere ama zen, beraz zaharragoa,
baina hor dirau bizirik. Erdi itsu, hezurretako minez, beti nekatuta… baina
gaztetako apetitu eta mimo-gosearekin!
Dena den, asko iraungo ez duela pentsatuta
katu berria oparitu digute: Txato.
Katakumearen etxesartzea ez da badaezpadakoa
izan. Erregina ohituta dago nahierara gobernatzen bere erresuma eta morroiak -gu- eta ez du inongo gogorik iritsi berriarekin posizio
hori partekatzeko. Lehen egunetan, eta gure espanturako, mehatxu zarata zatarrak
egiten zizkion ikusi orduko, artean amarengandik banatu berria zen kume
errukigarriari.
Poliki-poliki, ordea, jarrera bortitz hura
mespretxutan bihurtu da. Orain zarata zatarrik ez, baina ezikusiarena egiten
dio Txurik Txatori. Egia da txikia jostari eta saltoka hurbitzen zaiola aldiro,
eta amama erdi itsua izutu egiten dela datorkion erasoarekin. Baina behintzat
dagoeneko ontzi bikoitza eta komuna partekatzen dituzte tentsio artean; eta
zain gaude ea noiz etzaten diren ohe berean, horrek ezinbestean ekarriko
duelako elkar ukitzea eta behin betiko elkar hartzea.
Bitartean Txatok nirekin ordaintzen ditu bere
gabezia afektiboak eta hanka azpian edo fraketan gora dabilt etengabe. Ez da
astun suertatzen, Txatok katu baten unerik gozoena bizi baitu: egiten duen
guztia da maitagarri.
Baina kontua da jubilatu ondoren gutxien uste
nuen lana egokitu zaidala: katu amarena.
Zer izango zen Internet katutxo barik?!
Txakurren aldean ez ditek fama onik, baina askozaz ere graziosoagoak dituk.