Presazkoak eta garrantzitsuak

Argia, 2011.06.05

Lerro hauek idazten ari naizela hastekoak dira
–formalki bederen- alderdien arteko harremanak erakundeetako gobernuak
osatzeko. Ekainaren 11n eratuko dira Udalak eta horrek azkartu egingo ditu
gauzak Aldundiei begira, nahiz hauek eratze-data jakinik ez izan. Edonola ere,
presazkoak ez luke garrantzitsua oztopatu behar.

Ezker abertzalea

Batasuna ohiak sari bikaina jaso du –ohi bezala, ohi baino handiagoa-
borroka armatuaren amaiera usaintzen den neurrian. Ardura handien aurrean dago
eta, oraingoan bai, badirudi horiei heltzekotan dela. Dena den Bildu ez da
koalizio bat besterik, Sortu behar da behingoz mugimenduari gorputz organikoa
emateko. Eta Arnaldo kalean, Rufi eta Rafarekin egitura berria gidatzen.

Aralarrek bere ahulezia erakutsi du EAEn eta bere indarra Nafarroan.
Ezker abertzalearen antolaketa berrian indar txikiagoa izango luke, baina
tresna bat oso garrantzitsua: Hegoaldea artikulatzeko giltza.

Udalak

Parlamentuak bailiran kudeatzen dira, gobernu eta oposizio jokoarekin,
baina hau akats larria iruditzen zait. Oso inefizientea da zinegotzien erdia
gehi bat lanean jardutea eta erdia ken bat traban. Udaletan beharko litzateke
protokolo sinple bat: zerrendarik bozkatuenak alkatea; alderdi guztiak gobernu
batzordean, bakoitza dagokion pisuarekin; osoko bilkuretan, gehiengo ezberdinak
gaiaren arabera; eta zinegotzi guztiak lanean.

Batzar Nagusiak

Lurralde historikoen legeak zatitu zuen EAJ eta horrek ondo adierazten
du  zenbateraino gai hau erraiekin
jorratzen den areago buruarekin baino. Eta presazkoa ez bada ere, garrantzitsua
da eredua berrikustea. Nire ustez eskualdeak bihurtu behar dira hautes- eta
kudeaketa-esparru, eta eskualdeen ordezkariek osa dezakete lurraldeko ganbera
geografikoa, Aldundiaren kontrolerako. Batzar Nagusien eskumen batzuk
eskualdetara hurbildu behar lirateke eta beste batzuk Jauralitzaren esku utzi.

Aldundiak

Adin bat badugunok ezagutu ditugu hainbat alderdiz osatutako gobernuak
Aldundietan, ez da derrigorrezkoa gehiengo juxtuko itun bat egitea. Hemen ere
posible behar luke izan lanerako prest dauden alderdien arteko lankidetza.
Arriskua? Alderdi-lehiak gaina hartzea herritarron interesei. Nola saihestu?
Herritarron zaintza zorrotzarekin, eta bozka ematerakoan sari/zigor aldagaia
leialtasunaren gainetik jarrita. Ez da kontu berria, hau demokraziaren oinarria
besterik ez da.

Ituna

Aurrekoak esanda, argi dago ez naizela oso itun egonkorren zalea
erakunde hurbilak kudeatzeko. Gobernagarritasuna puztutako balioa da, nahierara
gobernatzeko edo gobernatzen-ez-uzteko asmatu den trikimailua. Ituna landuko
nuke nik ohitura txarrak gainditzeko, oinarri hauekin:

  1. Zerrendarik bozkatuenak Alkatea edo Diputatu Nagusia. Eta lasaitu
    daitezela alarmistak: Gipuzkoan kargu hauek hartuta ere, Bilduk ezingo luke
    bere kabuz nahi duena egin, ez badu bidelagunik aurkitzen.
  2.  Korapilo handietan esparru komunak bilatu. AHT honezkero atzeraezina
    da, baina hobetu daiteke. Pasaiako kanpo-portua oraindik ez dago bat ere argi.
    Zubietako errauskailuak merezi du moratoria bat, Gipuzkoako Udalak eta
    Mankomunitateak berrantzolatzen diren bitartean. Hondarribiko aireportuaz
    zergatik ez erreferendum bat ?
  3. Hausnarketa bultzatu patxadaz. Gizarte zibilean badira erakundeak epe
    ertainerako  hausnarketa –hau da,
    legealdiz gaindikoa- bultza dezaketenak: Eusko Ikaskuntzak historia oparoa du
    honetan, Jakiunde abiatzen ari da…
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude