Goiena, 2011.05.27
Egoera bihurria utzi dute hauteskundeek.
Seguruenik, ezin zen bestela gerta. Espainian haserretu berri dira krisia
bereziki jasan duten hainbat gizatalde, baina gurean haserretu zahar asko dago
espainiar demokraziaren krisiak denboran zehar kolpatutako sektore ugaritan.
Haserre horrek eta normalizazio politikoaren esperantzak eman diote Bilduri
sekulako arrakasta eta beste guztiei buruhauste galanta.
Orain tentazioei eusteko garaia dute batzuk
eta besteek. Bilbuk berak garaipen handia izan du, baina beste guztiak gehiago
dira, baita Gipuzkoan ere. Esan daiteke gipuzkoarrek aldaketa batzuk nahi
dituztela, baina ez oraingoaren kontrakoa. Bildu indar nagusia da, baina ezin du beste guztien kontra jardun.
Besteek ere eutsi egin behar diote Bilduren
kontra antolatzeko tentazioari. Egia da denak batuta gehiengoa direla eta,
beraz, mantendu dezaketela orain arteko estatusa. Baina abisua ez da makala
izan, hain zuzen egungo estatusa aldatzearen alde. Bildu baztertzeko bigarren
ahalegin batek ordain latza izan lezake bi urte barruko hauteskundeetan.
Hobe dute, batzuk eta besteek, lana banatu eta
esparru komunak lantzen hastea.