Apirilaren 14a izan zen nire laneko azken
eguna. Aitona errepublikarra gogoan moldatu nuen egutegia horrela gerta zedin.
Eta maiatzaren 1etik aurrera lizentziatuta nago Kutxan, hau da, soldata zati
bat (erdia pasatxo) bidaltzen didate etxera lanera joan ez nadin.
Formula honen bitartez, azken hamarkadan
Kutxak 57 urtetik gorako zientoka lankideri eman digu aukera etxera joateko,
eta denbora horretan 600 inguru langile gazte kontratatu ditu, joandakoak baino
gehiago. Bestalde, oraingo formula hau enpresaren kontura da, eta legez
dagokigunean sartuko gara Gizarte Segurantzaren poltsan.
Laneko azken egunak bete-beteak izan dira.
Agendan azken ordurarte izan ditut hitzorduak eta, horrez gain, han eta hemen
despedidatan ibili naiz, gibelaren eta gerribueltaren kaltetan. Donostialdeko
lankideek 14an bertan egin zidaten despedida-bazkaria: 50 lagun, aurreskua,
bandera errepublikarra, kantuak, opariak, besarkadak eta emozioa gainezka.
Erabat hunkituta itzuli nintzen etxera gauerdi aldera.
Eta biharamunean Arrasaten
Debagoienekoen despedida-bazkaria. Hemen ere 50 lagun, koplak niri propio jarriak,
opariak, besarkadak eta berriro emozioa gainezka. Ondo asetuta gelditu nintzen
hainbeste goxotasun jasota.
Gero aste santuko oporrak etorri ziren, ohi bezala
mahastiko lanak eguneratzen eman genituenak, aurten apirila epelak belarra eta
landarak lehenago disparatu baititu. Eta ondoren pazko astea, eta ohi bezala
bainuetxeko egonaldia, aurten bereziki lasaia ez baineukan deskonektatzeko
presarik, ondoren konektatu beharrik izango ez nuenez.
Kontua da maiatzaren 2ko astelehenez hasi zela
nire egoera berria, derrepente lanera joan beharrik eza. Eta esan behar dut oso
ongi moldatu zaidala burua egoera horretara.
Oraindik ez dut errutina berria finkatu, baina
markatu ditut ildo batzuk: lotia ez naizenez, Fatimarekin batera jaikitzen naiz
7:00etan eta elkarrekin gosaltzen dugu; jana eta edana kontrolatzen hasi naiz,
azken boladako gehiegikeriak eta pisu sobrantea murrizte aldera; eta
sistematikoki ematen ditut ordu batzuk mahastian eta etxe inguruko lanetan,
aste batzuk barru lan horiek dominatuko ditudan esperantzan.
Pendiente daukat egunero
irakurtzen hastearena, azken urteotan kolpeka baizik ez baitut egin, baina
dagoeneko igarri dut lanak eragiten zidan zurrunbiloa gelditu dela, ondo egiten
dudala lo pilularik hartu gabe, eta nire aldarteak nabarmen egin duela
petralkeriatik umorera.
Pozik bizi naiz oso egoera berrian.
Agian, blog honetan zure ideiak irakurtzeko parada maizago izango al dugu? 😉
Pentsatzen dut baietz, asti faltaz utzi bainion sarri idazteari.
Udaberria legez ikusten zaitut, pozez zoratzen! Gozatu eta gozatu Mikel, ondo merezita daukazu eta!
Zelako ondo! baina espero zaitut berandu baino lehen saltsaren baten. Deskantsatu eta biba! Disfrutatu!
Mila esker!
Poza ematen du berriro lagunen hurbiltasuna sentitzeak. Ondo hasi da aro berri hau, hala fede!
Ba pozten naiz neu ere, Mikel, zu pozik ikusteaz. Ondo bizi aro berrian eta ez ahaztu gutaz, irakurleez, seguru duzula asti eta gogo gehiago idazteko ere.
Zorionak, Mikel. Ez jubilatu Internetetik edo euskarazko komunikaziotik gero!
Zorixonak Mikeloooo! Ea orain zein erronkatan sartzen haizen… ez haiz eta hi ipurdia geldi eukitzekoa… Ondo emon eta gozau!