Nire Xabier

@font-face {
font-family: “Cambria”;
}p.MsoNormal, li.MsoNormal, div.MsoNormal { margin: 0cm 0cm 10pt; font-size: 12pt; font-family: “Times New Roman”; }div.Section1 { page: Section1; }

Madrilen ezagutu nuen Xabier Lete, 74-75an. Ni
ikasle nintzen han, eta euskarazko mezaren inguruan -besterik ezinean- biltzen
ginen euskal konspiratzaile taldeko kide ere bai. Xabier ordurako kantari oso
ezaguna zen kantaldiei esker, eta ordurako grabatuak zituen bere lehen LPa
bakarka, eta bertsoena Valverde eta Lekuonarekin.

Hain zuzen, Antxon Valverde eta Lourdesekin
batera ekarri genuen Xabier Madrilera, kantaldia ematera, eta antolatzaile
nintzen aldetik hurbil izan nituen artistak egun pare batez. Pletoriko zegoen
oiartzuarra, bihurrekiarako beti prest. Galdetu nien ea zergatik nahiago izan
zuten trena, guk eskaini genien hegazkina baino. Eta Xabierrek azaldu zidan
nola Lourdesen bihotz ahulak ez zion onartzen hegazkinik. Hori esan eta hara
non, bapatean besoak zabaldu eta ozen esaten duen: “Emakumea! Izaki
inperfektua!” Begi ertzetik ikusi nuen Lourdesen irribarre lotsatia.

Lepo bete zen aretoa eta
kontzertua bikaina izan zen. Tartean tentsiogunea ere gertatu zen, norbaitek
ilunpean oihu egin zuenean: “Areilza kabroia dago hor atzean!” Berehala aldegin
zuen aretorik handik gutxira Espainiako kanpo arazoetako ministro izango zenak.

Kontzertua amaituta afaltzera joan ginen, eta
afalondoan kontuak egiteko ordua iritsi zen. Jasotako sarreratik gastuak kendu, eta 20.000
pezeta inguru eman genien kantariei. “Hau diru pila!” esan zuen Xabierrek, eta
segidan azaldu ziguten askotan ez zitzaiela apenas ordaintzen, beti ere kausa
handien izenean. Inpresioa hartu nuen, eta gustatu egin zitzaidan artisten zintzotasun
kritikoa.

Handik aurrera, harreman dezente izan genuen
bolada batez. Gogoan dut Mairuelegorretako kobara elkarrekin igo genuenekoa, eta
hango kontzertuan Xabier “Otsooooooak!” oihukatzen inon baino girotuago. Eta
ezin ahaztu Urnietako plazako etxean egin nizkion bisitak, Madriletik
Ormaiztegira nentorren bakoitzean. Sasoi hartan ni ESB alderdia bultzatzen
nenbilen eta Xabier hurbil samar genuen. GARAIA  aldizkarian kolaboratzen zuen eta 77ko hauteskunde kanpainan
berak gidatu zuen Urnietan egin genuen aurkezpena.

Geroztik gure bideak ez dira maiz gurutzatu
eta ez dut hurbiletik ezagutu Xabierren aldi mistikoa, gaixotasunaren
ondorengoa. Horregatik nire akorduan nagusi da Xabier pletoriko eta lotsagabe
hura.

Lourdesen ondoan bego artista eta gizon maitagarria.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude