Argia, 2010.01.10
Itzaltzen ari dira Vienatik mundura zabaldutako Radetzky martxaren azken notak. Eta beste kontzertu bat hasten da orain, urte berriak izango duen soinu-bandarena, hain zuzen. Zein da tonua? Eta zein partitura? Izango al dugu txalo jotzeko motiborik, Vienan bildutako dotoreen antzera?
Krisia. Hemendik abiatu behar da nahitaez edozein konposizio, ze urtea beltz dator. Adierazle ekonomikoak hobetuz joango dira iazkoen aldean, baina gizarteak gainbehera jarraituko du: aurrekontu publikoak, gizarte laguntzak, langabezia… Horiek ez dute hobera egingo 2010ean. Sinfoniaren tonu orokorra iluna izango da.
Nora eza? Urte zaharrak utzi dizkigunen artean, ez da makalena izan EAEko Jaurlaritza aldaketa. Eta ondorio zuzenetik harago (mapa, sinbolo eta abarrak) zenbatengan sumatzen da halako ikara, umezurtz gelditu bailiran. Batzuek agintearen probetxua galdu dute, baina askorentzat zerbait garrantzitsuagoa eskualdatu da: itsasontziaren lema. Eta ez dago argi zein den Titanic hau ondoratzeari dagokion partitura.
Aurkikuntza. Bada ohartu berri denik mende asko daraman prozesu batez, alegia Espainiaren jardun sistematikoa bere aginte-esparruko nortasunak asimilatzeko. Gaztelania euskararen edo katalanaren gainetik jartzearena, edota espainiar herriaren subiranotasuna bakartzat jotzearena ez dira Zapateroren asmakizunak. Galdetu bestela zure aitonen aitonei. Egia da Aznarrek hauspo berria eman ziola espainiar partiturari eta Zapaterok nota guztiekin bereganatu duela, baina melodia hori zaharra da, oso zaharra.
Kontradantza. Txalapartaren soinu gogorrekin hasten da eta ezpata-dantzatik ere badu beti kontrara jotzen den euskal doinuak. Asimilazioari aurre egiteko balio izan du neurri batean, baina sinfonia unibertsala indartsua da eta Espainiako bandak ozen jotzen du pasodoble erritmoan; gero eta zailago izango da hainbeste zarata artean nota diskordanteak entzunaraztea. Are gehiago euskal doinua desafinatuz jotzen bada, disonantzia askorekin.
Kantata. Euskaraz, beste hizkuntzetan ez bezala, musika jo egiten da. Agian, Juan Mari Beltranek iradoki berri duenez, txalaparta delako lehen musika tresna? Edonola ere, nago joka nekez egingo duela bide gure musikak, bereziki Estrasburgoko aretoetan. Alde horretatik euskaldunok kontzertu globalean parte hartzeko aukera hobea dugu kantua: melodia oinarrizkoa, armonia txukunak, crescendo ongi neurtua, eta finale indartsua.
Libretoa. Kantuan onak bagara, erriman hobeak. Badira gurean errimak bat-batean sortzeko gai diren poetak, batzuk goi mailakoak. Eta asko estimatzen dugu haien lana eta saldoka joaten gatzaizkie entzutera eta txalotzera. Haiek idatz dezakete libreto bikaina, non azpimarra baidaitezkeen “bakea ez baita gerrarik eza, gerrarik nahi eza baizik”, edota “herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz” bezalako lelo unibertsalak.
Abesbatza. Milioika tresnez osatua dago orkestra globala. Horien artean kantua entzungo bada, abesbatzak behar du handia eta ondo afinatua. Baina pentsatzen jarrita, bigarrenak berez dakar lehena: jarri doinu bat ezaguna eta samurra, libreto bat konpartitzen ditugun ideiekin, banatu tonuak eztarrien arabera eta adostu gidari bat. Gauza segurua da jende andana inguratuko garela eta kantu indartsuan bilduko. Gertatu izan da orain baino lehen, ez gara beti hain alproja ibili.
Gabonetako ipuina? Sasoiari dagokio.