Gizona bere heldutasunean

Argia, 2008.02.24

Izena
Hamalau urterekin -gaur baditut
berrogei gehiago- hartu nuen erabaki bat garrantzitsua: ordura arteko
Migeltxo aurrerantzean Mikel izango zen. Errieta egin zidan maistra
karlista batek Tolosako eskolapioetan, azterketak izen ilegalez
sinatzen hasi nintzaionean, baina seguruenik maistraren petralkeriak
indartu besterik ez zuen egin nire erabakia, nortasunaren bila
abiatzekoa.

Hizkuntza
Handik urte gutxira, hemezortziren bat
izango nuen, beste erabaki bat hizkuntzaren bidegurutzera iristean:
euskalduna izango nintzen, erabili eta garatu eta barneratu egingo
nuen etxean jasotako euskara, nire izaeraren ezaugarri bihurtzeraino.
Madrilen bizi nintzen, eta han bazuen euskarak zer afektiboari
metatzen zitzaion beste balio erantsi bat: bereizteko balio zuen,
jende artean egon arren isilka hitz egin beharrik gabe.

Izana
Pare samarrean baina geroxeago etorri
zen hirugarren zutabea, militantzia abertzalea. Artean
klandestinitatean, eta politikan beti; indarkeria gorrotatzen nuen
ordurako, izan etsaiarena edo ‘gurea’. Eta militantziarekin piztu
zitzaidan jakin-gosea: nondik, nora, nola… Hor konturatu nintzen
hartzen zaila zela nire izaera berria, euskal herritarrarena. Lerro
zuzenekin oker idatzitako iragana da gure tribuarena; eta, hortik
abiatuta, ezin aurrerako norabidea samur topatu.

Zalantza
Ez nuen urte asko behar izan politika
formalarekiko esperantza galtzeko. Alderdiek segurtasun setatia behar
izaten dute eta ni zalantzak bizi nau, galderak ditut maite. Urte
luzeak daramatzat nire buruari galdezka, bidegurutze bakoitzean: eta
orain, nondik? Adinean aurrera, burua atzera jiratu eta bidezidorra
dakusat, ez beti zuzena. Ez nuke aldatuko, konforme nago
egindakoarekin.

Gaur
ni

Izena eta hizkuntza ondo itsatsita
dauzkat, nirekin gordeko ditut betiko. Izanari buruz, zalantza
gehiago. Ez naiz aberri zale, seguruenik ezta abertzale ere.
Tribuaren iragan oker idatzia ez zait arrazoi aski etorkizun jakin
bat marrazteko. Aldi berean, independiente izan nahi nuke Espainiatik
eta Frantziatik, haien nazionalismo erasokor eta zabarrak egonezina
eta larrigura sentiarazten dizkidalako.

Gaur
gu

Euskaradunon tribuari ajeak eta sasoia
biak antzematen dizkiot. Iritsi da honaino garai urrunetatik, eta
nahi luke aurrera egin. Badabil oraino. Nora eta nola asmatu behar
du, ordea. Eta norekin. Ohi bezala, baina inoiz baino areago, ez
baitago bera bakarrik Euskal Herrian, bestelako tribuak ere badira
hemengo, lehengusu baskoak nagusi. Hain zuzen, hor legoke koska
garrantzitsua: etxean nagusitasuna lortzea, alegia, hegemoniko
izatea. Sarri bota izan dugu kexua: gizarteko erreferente nagusiak
ez dira euskaldunak
. Jar dezagun esaldia alderantziz: euskaldunak
ez dira gizarteko erreferente nagusiak.

Bigarren moldea lagungarriago zaigu norabidea igartzeko.

Bihar zer?
Ortodoxia
zaharkituan ari gara, noraezean. Alderdi abertzale nagusiak
jaungoikoa eta lege zaharra daramatza oraindik izenean. Eta, oro har,
abertzaletasunaren oinarriak dira mapa bat eta herriaren izateko
eskubide supremoa, ezinbestean -noiz ez badakigu ere- munduak onartu
beharko duena. XIX. mende erromatikoan bizi gara, XXI.a hasia ez
bailitzan.

Hala
ere, hausnarketa interesgarriak hasi dira, han-hemenka, Nafarroa
aldean bereziki, heterodoxian barrena eta alderdietatik aparte. Hauek
ez dute asko lagunduko, ohikoan baitaude eroso; ez bezate behintzat
trabarik jar. Eta, behin desiotan hasita, azken bat: bilduko al dugu
ausardia nahikorik behar bezain heterodoxo izateko!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude