Hogeita hamar urte luzez tratatu dut Paula,
Fatimaren ama. Atzo hil zen arte, 91 urte bete bezperetan. Berrogeita zortzi
ordu laburretan egin du bidaia, bizi-bizi egotetik zendua egotera. Dotore
horretan ere.
Oso maitea nuen Paula, oso gustukoa bere
izaera. Bazuen alde bat berritzailea, modernoa. Entzutekoa zen nola astintzen
zituen abade ustez maltzurrak, On Jose Maria miresten zuen bitartean. Ausarta nola sostengatu
zuen alaba zaharrena goi-mailako ikasketak egiteko orduan eta bide profesionalean.
Bikinia bekatu mortala zen sasoian, dendetan aurkitzen ez eta berak egin zion
bat Fatimari, felpa laruzkoa, eguzkia ona zela-eta hezurretarako. Errezeloa daukat –ez
bainuen ikusi- jubilatu ondoren Julianekin joanda Mediterraneoan egiten zituzten
egonaldietan, berak top-less jarrita hartzen zuela eguzkia, hezurretarako ona omen.
Horren ondoan bazuen beste alde bat antzinakoa,
betikoa, senezkoa. Naturarekiko jarrera, belarren ezagutza, euskara iraganekoaren
molde jatorrak, bizitzaren aurreko jakinduria sakona… Gozatu ederra zen hura
Esteñibarren ikustea, ortua ikuskatzen edo inguruari so, guk inoiz izango ez
dugun begirada batekin.
Fatimak baditu amaren zantzuak. Haren antza gero
eta handiagoa hartzen ari da, urteetan aurrera, eta ez bakarrik kanpotik. Hori
gustatzen zait.
Aurten, Fatimak egin zuen urte zaharreko
intxaur-salta, eta Paulak urte berrikoa. Oraindik ere, Paularena hobexeagoa; bestea
ere ona, ordea. Etenik ez. Lehenago ikasia zuten Begok eta Mirenek Paularen bizkotxoa
egiten, munduko onena. Azken urrats hauekin, bere betebeharra betea zuen Paulak.
Joateko prest zegoen. Eta azkar joan da, dotore. Konforme, esango nuke.
Laurogeita hamar urte bete zituenean
ospakizuna egin genuen gurean. Eta bertso hau moldatu nion:
PAULA 90
1
Laurogetamar
urte
hartu
ditu Paulak. (bi aldiz)
Inork
ez beza pentsa
dagoenik ahula.
Bihotza euki arren
apur bat gandula,
ta belauna esaten
atseden nahi dula;
berak ez du amore
ematen sekula (bi aldiz)
2
Menestra ta okela,
mahaia bete jendez; (bi aldiz)
orain
kantuan gabiltz,
nahiz
ondo jakin ez.
Paula
dugu zaharrena
primer
jaio zenez;
azken
jaioa, berriz,
hemen
dabil barrez.
Hau
ere Paula dugu,
Paularen omenez (bi aldiz)
3
Uritten neskatila
Zigarrolan ama; (bi aldiz)
urteetan
aurrera
egin
zen amama.
Orain
duela gutxi,
baita
birramama,
adina
hartu arren
umorez
darama.
Urte
askotarako!
Zorionak,
dama.
Animo Mikel eta Fatima. Pena eta tristura izango duzuen une honetan, animoak ematea besterik ez zaiguk geratzen. Kunplimendutik haratago joanda, benetan Dama zela zirudiek hire hitzetatik. Ze arrastoa usten duten horrelako pertsonek eh!. 91 urte ondo erabiliak. Ikusi eta ikasi nahi duenentzat, gauza eder “pranko” geuren bizimuduari atxikitzeko. Gure etxean ere badizkiagu horrelako ereduak. 93 eta 88 urteko beste damatxo bi. Ondo zekiagu ze meritu duten eta ze betegarriak izan eta diren gure bizian.
Besarkada bero bat biori.
Luxiano eta Ramoni.
Fatima eta Mikel:
Igande asko geratzen dira aurrean Paula gogoan hartzeko…
Jaso ezazue gure dolumina.
Andoaindik, Nekane eta Imanolek.