60 metodoa

ARGIA 2007.10.28

Garai itsusiak bizi ditugu; batzuk,
garai latzak. Akabo arin eta baikor bizi gineneko sasoi hura. Egurra
ari du. Eta, hala ere, eutsi egin behar zaio hasitakoari, prestatu
beharra dago eguzkia itzultzen denerako, beti itzultzen baita.

Alderdien akordioa
Loiolan akordioa ia lotu omen zeneko
horrek zer pentsa handia jartzen du: ez gaude hain urrun. Eta,
dudarik gabe, han erabilitako zatiekin osatuko da puzzlea noizbait.
Bestalde, argi dago akordioaren balioa, denek aldarrikatzen baitute.

Badago, beraz, lanik aurreratuta. Ikus
dezagun nola segi bidean.

Berdinketa itxura
Akordioaren funtsa jartzen badugu marko
juridiko-politiko berrian, ordezkari politikoen ia erdia legoke
egungo markoari eustearen alde, eta erdia pasatxo markoa sakon aldatu
guran. Hortik dator berdinketa itxura, eta egungo markoaren defentsa:
erdia gehi bat ez da nahikoa markoa aldatzeko. Baina ez da
zentzuzkoa, ezta ere, erdia ken batek blokeatu ahal izatea
aurrerabidea, are gehiago blokeo horrek egoera latzean sartzen
bagaitu.

Gehiengo kualifikatua
Horrelako arazoak badaude gizarte
egituretan ere, eta aisa konpontzen dira metodologia egokiarekin. Gai
potoloetan berdinketa modukoak gertatzen direnean, gehiengo
kualifikatuak adosten dira eta horiek lortzeari ekiten diote alde
biek. Modu askotan kualifikatu daiteke gehiengo bat, neurri
ezberdinetan. Nik 60a proposatzen dut.

Zergatik 60?
Ez dut kalkulu berezirik egin, ea galga
horrek nori egiten dion mesede. Eta ez lidake inportako gehiengo
kualifikatuaren neurria beste nonbaiten jarriko balitz. Nik 60a hartu
dut Europak landu zuen sasi-konstituzio hartatik, han ere adostasun
erabatekoaren eta blokeoaren arteko erdibidearen bila ibili ziren
eta. Uste dut azkenean bi neurri jarri zituztela: gehiengo
kualifikatuak behar zuen ordezkarien % 55a, eta hauek ordezkatzea
populazioaren % 60a. Bietan 60 jarrita, egin dezagun ariketa bat.

60 metodoa
Jar ditzagun alderdi politikoak lanean,
akordio bila, Loiolan bezala. Gutxienez han omen zeuden hirurak ados
jartzen badira, EAEn aisa gainditzen dituzte bi 60ak. Agian ez,
ordea, Nafarroan. Demagun egungo egoera dagoela eta akordioaren
aldekoak direla erdia pasatxo. Blokeoa desegiteko bidea da akordioari
buruz herritarrei galdetzea. Hauen % 60a ados balego, akordioak
aurrera egin beharko luke; eta, bestela, alderdiek negoziatzen
jarraituko lukete.

Behin lortuta % 60ko adostasuna
gainditzen duen akordio bat, hori gauzatzeko konpromisoa izango luke
gobernu zentralak eta, hala ez balitz, konfrontazio demokratikoaren
garaia litzateke.

Metodoaren argia
Zinez uste dut komeni zaigula teknikari
eta metodologiari leku handiagoa ematea politikan. Ditxosozko
‘transbersaltasuna’ hartuko dut adibide. Helburu gisa lotzen bada
alderdi jakin bat akordioan sartzearekin, orduan blokeorako tresna
bihurtzen da alderdi horrentzat. Aldiz, kopuru batekin definitzen
denean noiz den gehiengo bat nahikoa ‘transbersal’ –ordezkari
edota herritarren portzentajean- blokeo ahalmena deuseztatu egiten
da.

Beste hitz fetix bat: sedukzioa. 60
metodoak argitzen du non eta zertarako behar den bereziki seduzitzeko
gaitasuna: Euskal Herrian, eta ordezkarien edota herritarren % 60a
konbentzitzeko. Sobranterik balego, orduan bai, ‘eman eta zabal
zazu’.

Era berean, argi legoke gehiengo
juxtuarekin konfrontaziora doanak ez duela arrakastarik izango eta
albo-helbururen batekin konformatu beharko duela. Alde ederreko
tenorean joango litzateke Ibarretxe Madrilera, atzean balerama
gehiengo kualifikatuaren metodologia bat adostuta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude