Ino, Lourdes eta Inaxio

Hiru
alkate izendatu berri. Hiru alderdi, ibarreko nagusienak. Hiru herri
pisuzko Debagoienean.

Hiru
kooperatibista. Agian horrek eraginda, elkarbizitza eta
lankidetzarako ondo prestatutako hiru pertsona. Ino Arrasateko alkate
berriari hitz lagunkoiak entzun nizkion PPko zinegotzi Itziar
Lamarainen gainean. Lourdes eta Inaxiok maila handia erakutsi zuten
kargu hartzeko goiz gogoangarrian.

Pertsonen
garrantzia

Gurean
ez gara oso lider zaleak. Baina pertsonak aipatzen ari naiz, uste
baitut erabakigarri izan daitekeela pertsona egokiak parean tokatzea
une eta toki jakinetan. Pertsonen arteko harremanak frekuentzia
bertsuan ematen direnean, ezinezkoa dena egingarri bihurtzen da.
Esperantza hori daukak orain Ino, Lourdes eta Inaxiorekin. Noski,
bakoitzak bere ingurua lagun.

Ibarraren
premia

Uste
dut ezin dela gehiago itxaron. Ibarra hamar urte barru industrialde
baino gehiago izango bada, orain ekin behar zaio lanari.
Gasteizerainoko autopistak eragin itzela izan lezake, egungo biztanle
askorentzat Debagoiena lantoki soil bihurtzeraino.

Presazkoa
da ibarra artikulatzeko neurriak hartzea. Tranbiarena isilik dago eta
isiltasun horri usain txarra hartzen diot. Ibarreko mugikortasuna
aztertu behar da, barnekoa eta kanpoarekikoa. Eta tranbia, autobus,
bidegorri, transferentzia-gune eta abarrak integratuz erantzun.
Lurralde antolamendu bateratua behar du Debagoienak, udalerriko
plangintzak marko orokorragoan kokatzeko. Eragile izango den
Mankomunitatea behar da, interes komunei konponbide kooperatiboak
emateko.

Garapen
agentzia

Badakit
mankomunitateak oso egitura ahulak direla, lege aldetik. Epe
ertainera balegoke hori konpontzeko modu erraza: Batzar Nagusietarako
hauteskunde barrutiak eskualdeen arabera antolatzea.

Baina
presa dago. Eta garapen agentziarena izan daiteke berehalako
soluzioa. Agentzia publiko bat Mankomunitateak
sortua,
plangintzari ekin eta -behin epe bateko plana adostuta- plan hori
kudeatzeaz arduratzeko. Hasieran nahikoa dira bizpahiru pertsona eta
Mankomunitaren babes/kontrola. Abiatzeko ez da baliabide askorik
behar, borondate argia bai, ordea.

Ino,
Lourdes eta Inaxio: izan zaitezkete une eta toki aproposean parean
tokatu diren pertsona egokiak. Beste maila batean probatutakoa naiz
eta badakit: lan ederra da Debagoiena egitea. Animo!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude