Un certain regard

Argia, 1007.06.17

Denboraren joanean, politika bihurtu da
hauteskundetik hauteskundera alderdiek egiten duten ahalegina, hurrengo
argazkian hobeto irteteko. Alboan legoke gestio publikoa; baina honek alderdiei
ez die aparteko mesederik egiten, ez bada aginteen arteko mesede trukean, edo
propio antolatutako mesederen batek.

Eta, hala ere, behar dugu politikaz hausnarketa,
ekimen mesedegarriez gaindi, hurrengo hauteskundeetatik haratago. Bestelako
begirada bat etorkizunari. 

Eskualde
eta aldundi

Ez da ikusi nahi baina EAEn (noski, autonomia
erkidegoaz ari naiz) egun ditugun aginte koskek -udala, aldundia, jaurlaritza-
oso egitura ez-eraginkorra osatzen dute. Gestioko gai gehienek –zaborra,
kultura, ur, errepide edo lurraren antolamendua- udalaren esparrua gainditu
dute dago
eneko. Eta oso modu teknikoan hasi zaie udalen gaindiko egiturei ‘unitate
funtzional’ eta antzekoak deitzen, aspaldiko kontua direnean eskualdeak.

Sendotze aldera, eskualdea bihur daiteke hauteskunde-esparru,
eta hortik eratorri eskualdeko agintea eta ordezkaritza goi mailetan. Eta
eskualdeen aginpidea, udalei baino gehiago aldundiei kendu. Izan ere, aldundiak
galdu egin du bere funtzionaltasun historikoa, egitura goragokoak sortu
direnean. Nire aburuz,  zerbitzuak eta
antolamendua eskualdeei dagozkie; ogasuna eta azpiegiturak, Jaurlaritzari. Gera
bitez lurralde historikoak historiarako, eta presta ditzagun egitura
funtzionalagoak etorkizunerako.

 Zazpiak
bat eta hiruak bat

Azken mugimenduen ondoren, garai bateko
‘zazpiak bat’ aldarriak une honetan ‘hirurak bat’ behar luke. Hegoaldeko bi
esparruak baditugu, Iparraldekoa falta. Gero beharko da esparru bakoitzean
elkarrenganako indarrak sortzea eta metatzea. Horretarako, NaBai oso eraginkorra
izan daiteke Nafarroan, eta Euskalerria Bai Iparraldean, bakoitza bere
esparruan sortutako metak baitira. Eta EAEn komeniko da gure zatiari dagokion
partea ganoraz eta umiltasunez egitea, harrokeria inperialak ahaztuta.

Independentzia
eta komenentzia

Espainia eta Frantziatik arazoak gehiago
badatozkigu mesedeak baino, komenigarri izan dakiguke independentzia. Hobeto
bizitzeko komenentzia errazago partekatuko dugu egungo euskal herritarrok,
Noaingo borrokan galdutakoa berreskuratzeko aldarria baino. Gehiengoari komeni
zaigun neurrian sostengatuko dugu independentzia, eta hori gertatzen denean
ezagutuko digute kanpotik besteengandik banatzeko eskubidea. Ez lehenago, eta
ez alderantziz. 

Nazioartean nekez egingo dugu bidea esanaz: ‘Herri
bat garelako badugu erabakitzeko eskubidea, eta hori aitortu egin behar diguzue.
Gero ikusiko dugu zer egin eskubide horrekin.’ Europan erruz gertatzen ari
diren independentzia prozesuei ondo erreparatu behar diegu, gurea egokitzeko.
Horren arabera, nire ustez, beste hau da ildoa: ‘Gehiengo handi batek
independentzia nahi dugu, estatu berri bat sortzeko Europan. Esaguzue zer
urrats egin behar dugun. Kontuan izan, aspaldian bagenuela estatua, Nafarroa.’.

Markak
eta marketinga

Ez dut zalantzarik. Izateko inongo aukerarik
izango badugu etorkizunean, hori Nafarroa izenpean izango da. Marketing
aldetiko posizionamendu onena duen marka da. Eta on litzateke norabide horretan
mugitzea. Utz dezagun ‘Euskal Herria’ munduko euskaldunak batzen gaituen
nortasun komunitatearentzat. Oraingoz, gorde dezagun ‘Euskadi’ lurralde
baskongadoentzat, eta has gaitezen gainetik Mendebalde kontzeptua jartzen.
Horrela, noizbaiteko Nafarroa independentea honako hauen bilkura litzateke:
Nafarroa Garaia, Mendebaldea eta Iparraldea.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude