…irensten ditugu amarruak. Amorrazioz bizi izan dut Jon Jauregirekin armatu den iskanbila. Ez daukat inongo arrazoirik gizon hau defendatzeko, ez baitut ezagutzen. Baina, era berean, ez daukat ezer Jauregi erasotzeko. Eta, nire antzera erasotzaileen % 99ak!
Dossier bat omen dago. Eta SER kateak zatiren batzuk aireratu ei ditu. Eta zer? Hori egiatzat eman baino lehen, eta hedabideetako izenburu nahiz tertulietan gai nagusi bihurtu aurretik, kontrastatu beharko da, ba, ea sinesgarritasunik ba ote duen? Ikerketaren bat abiatzekotan bada, zertan marmarka jardun susmo interesatuen gainean? Zenbat kutsatzaile zital eta kazetari txar, zenbat hiritar kokolo! Nola eror gaitezke amarruan, behin eta berriro?
Joan Fontcubertaren berri izan dut. Artista zirikatzaile bat da; eta, askoren artean, badu jardun ildo bat oso interesgarria: sineskeria salatzeko ekimen kutsatzaileak. Hau da, teknologia erabiltzen du amarruak sortzeko, horiek arrakasta dutenean jendeari ikusarazteko beste amarru asko ere irensten ditugula oharkabean. Adierazpenok irakurri dizkiot, argigarriak:
‘(…) nire bizi-ingurumariak, nola garai bateko giro politikoak, zalantzarako joera finkatu zuten nigan, gauzak kolokan jartzeko ohitura. Itxuretatik haratago joan nahia, ironia, sinistu aurretiko zuhurtzia, zalantza…
Nire lanak bultzatzen du eszeptizismo aktiboa. Lagundu nahi nuke jendea egon dadin ernai; bere sena erabil dezan, finean.’
Desobedientzia zibilaren lehen urratsa izan daiteke, hain zuzen, planto egitea amarru eta amuei, aukerarik ere ez ematea pozoi edo simaurrari. Sena erabili, harrapatu nahi gaituen sarea apurtu, eta ihes egin…