Euskalerria irratia

Distantzian sentitzen nuen hurbil Iruinerriko irrati euskarazkoa. Entzun ez, baina tokatu zait harremanen batzuk izatea hangoekin. Eta miresgarria iruditzen zait egiten ari diren ahalegina bizirauteko, egoerarik aldrebesenean, lizentziarik gabe.

Duela hilabete gutxi, deitu egin zidaten eta kolaborazio bat eskatu. Mikel Aramendi -aspaldiko kolaboratzailea- nahi zuten nazioarteko politikan zentratu, neuk etxekoa jorratzea onartzen banuen. Eta, lan egoera berrian juxtu kontrakoa egiten ari nintzen arren, -alegia, lana uzten- baietz esan nien. Nola ukatu ezer haiei?

Hutsa da, astean behin ordu laurden. Baina oso gustura ari naiz. Juan Kruz Lakasta eta Pello Argiñarena izaten ditut solaskide, txandaka; lana ondo prestatzen dute, haria bikain eramaten, umorea eta ironia primeran erabiltzen…

Nik dudan onena ateratzen didate. Amaieran, beti pentsatzen dut: ‘Joño! ez duk batere gaizki joan’. Mila esker, Juan Kruz eta Pello!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

8 erantzun Euskalerria irratia-ri

  1. egilea: JKL

    Mila esker zuri, Mikel.

    JK

  2. egilea: Unai

    Noizko Euskalerria Irratia sarean?

    Euskal Herriko irratirik interesgarriena dirudi, baina Gasteizen ezin entzun….

  3. egilea: mikel

    JK eta enparauei dagokie erantzutea, baina imajina dezaket uhinetan irautearekin badutela nahikoa lan.

    Dena den, hedapen itzela hartuko luke, eta lagunak irabazi, eta sostengua, eta…

  4. egilea: Unai

    Imajinatzen dut irratiaren egoera ekonomikoa kaxkarra izango dela, baina gaur egun Internet bidez emititzea oso gauza merkea da.

  5. egilea: mikel

    Galdetu diat, Unai, eta esan zidatek web berria prestatzen ari direla, zuzeneko emisio eta guzti. Mesede ederra egingo lieke!

  6. egilea: Olagarroa

    Webgune berria prestatzen ari gara. Gure edukiak interneten nola zintzilikatu aztertzen ari oraindik, orde.  Online, podcast, webcast…  Ez baitakigu oraindik, bainan laister zurekin guztiekin izanen gara. Apostu egin.

    Eskermile.

  7. egilea: Unai

    Ole! Albiste ona!!

    Lakasta entzun ahal izango dut, behingoz.

    Lagun bat Iruñean egon zen ikasten, Opusen, eta beti hitz egiten zidan “Metropoli forala” saioari buruz. Bera ere (ni bezala) irratizale amorratua zen eta programa harekin liluratuta zegoen.  

  8. egilea: mikel

    Nik uste, gainera, nafartasuna freskoago datorrela, biziago dagoela ohiko abertzaletasuna baino. Iruditzen zait Nafarroa garaian grazia eta kosmopolitismo handiagoa dagoela, bardulo eta karistio zaharkituen inguruotan baino.

    Esan nahi dut: datorrela uhinez Euskalerria Irratia, zurrupa gaitzala behingoz Nafarroak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude