Aspalditxo etorri zen -EEBBetatik bueltan- gure
andaluza, (epaile ona zala-ta, zakurraren putza, diosta belarrira
bertso-memoriak). Harrezkero, Garzonek beste buelta bat ere hasi du, emeki bada
ere: muturretik normaltasunera doana, hain zuzen.
Oso adierazgarri egin zait joan den astean
super-epaileak argitaratu duen ebazpena, ezker abertzalearen eskubide zibil eta
politikoak aitortuz. Muturrera zihoala, Garzon bera izan baitzen ‘dena da ETA’
dotrina juridikoaren aita; berak jarri zuen oinarria gero etorri diren hainbat
gehiegikeria posible egiteko. Izutu egin ote da, bere sorkuntzarekin zer egin
daitekeen ikusita?
Garzonen bueltak izaten badu joanekoak izan zuen
arrakastaren erdia, agian, negua ez da hain gorria izango.
Post scriptum
Txirritak botea omen, hargin andaluz bat horma okerra egiten ikusita:
Haizeak ekarri du handikan honuntza
geroztik hemen dabil gure andaluza
hargin ona zala-ta, zakurraren putza!
bera eroriko dek, ez hakiok bultza.