Lagun bat Esteñibarrera bisitan etorri, eta non esaten duen, etxaurreko intxaurrondoei begira: Zelako leixar ederrak! Eta nik ezetz, nahastu egin zela, intxaurrondoak zirela. Eta berak: Seguru? Ba nik esango neukek horreik leixarrak diela! Ondo ezagutzen nuen lagun temosoa, eta aurrera barik bota nion: Ba leixarrak izengoittuk, baina neuri intxaurrak emoten justiek!
Komeni da ondo jakitea zer eman lezakeen zuhaitz bakoitzak eta, zuhaitzek bezala, baita pertsonek edo erakundeek ere. Bestela uste handitan sar daiteke bat eta, ustea ustel agertzen denean, etsipenean murgildu.
ETA ez da intxaurrondoa, lizarra baizik. Beraz, ezin zaio intxaurrik eskatu. Nahikoa luke intxaurrondoei trabarik egingo ez balie. Nik uste, intxaurrondoek ez badute aurten intxaurrik eman, beraiei hartu behar zaiela kargu.
Kalkulu zorrotzetan ikusi ditut alderdiak -nik dakidan neurrian, guztiak- urrats bakoitzaren onurak eta kalteak nola banatuko ziren, begi ertzetik elkar zelatatzen. Eta nola prozesua atzeraezina zen, ETAk ezin zuelako berriro atentaturik egin, kalkuluak eraman dituzte muturreraino, denbora agortu eta kalkulagailua apurtu den arte.
ETAk hondoratu du ontzia; berriro dator ilunaldia eta entzun beharko ditugu epelak hurrengo asteetan; bigarrenez izango ditugu udal hauteskunde anormalak… Pena handia hartu dut, baina ez nau harritu. Ze nik intxaurrak -inon izatekotan- espero nituen beste aldean, alderdien artean. Espero nuen Otegi eta Urrutikoetxea gai izango zirela ezker abertzalea Anoetako moldean katonatzeko. Espero nuen Zapaterok eramango zuela PP bere errotara, eta ez alderantziz. Espero nuen beste alderdiek sendo egingo zutela lan korapilo politikoak askatuz joateko. Eta espero nuen erakunde eta gizarte mugimenduek mugiaraziko gintuztela hiritarrok, prozesuaren alde. Orain akabo denbora baterako.
Bakoitzak jakingo du zer eskatzen dion gorputzak lasaitzeko: gaitzzzestea, haserrrretzea, passsatzea… Baina, aurrera begira eta denok batera, hauxe egin behar genuke aukera dugunean: intxaurrondoak gogor astindu, hurrengoan intxaurrak eman ditzaten.
Eskura dudan intxaurrondoaren adarrik potoloenean lotua nuen soka zure artikulua irakurri arte. Eman dit zer pentsatu. Itxoingo dut.