Urte berri, ardura handi

Urte berriarekin, ardura handiagoak hartuko ditut Kutxako lanean. Sail berri bat sortuko da, Hizkuntza plangintza / Barne komunikazioa izen ponpoxoarekin, eta neu izango naiz arduraduna. Horrela burutuko da aurtengo aste santuan hasi zen aldaketa, nire ibilbide profesionalean.

Aurrekoa

Udaberrian aipatu nuen Donostiara aldatu nindutela, batez ere euskara arloan izoztuta zeuden hainbat gai mugitzen hasteko. Kutxa aspaldidanik ari da urratsak egiten elebitasunera bidean, baina ez da gaurdaino lortu hizkuntza politika oso bat txertatzea erakundearen kudeaketa arruntean. Hain zuzen, helburu horretara bideratu dut nire ekarpena azken hilabeteotan eta, okerrik ezean, emaitzak beste bizpahiru hilabetetan ikusiko dira. Berez, hizkuntza gaiak sail baten izenburuan sartzea bera, bada emaitza esanguratsua.

Ondo joan zaizkit gauzak denbora honetan eta nire nagusia pozik dago. Eta, nola Barne komunikazioko arduradunak lizentzia hartzen duen urte amaieran (gaur), eginkizun hori hizkuntzarenarekin lotu eta sortu dugu sail berria.

Datu batzuk
Datu gutxi batzuk, irakurlearen gobernurako. Kutxak 2.500 langile ditu, horietatik 1.600 Euskalerrian eta 900 kanpoan, gehienak bulego txikitan sakabanatuta. Hortik barne komunikazioaren garrantzia, lanerako informazioa banatzeaz gain, komunitate sentimendua garatzeko.

Eta bost laneko hizkuntza ditugu: euskara, gaztelania, katalana, galegoa eta frantsesa. Beharrezkoa da, beraz, hizkuntza irizpideak finkatzea, egoera juridiko eta soziolinguistiko bakoitzera egokituz. Eta, garrantzi handia du euskararen lurraldean elebitasun erabatekoa helburu hartzea, bezeroari bermatu ahal izateko harreman hizkuntza aukeratzeko eskubidea, kalitatezko zerbitzuaren baitan.

Eginkizun berria eta ardura handiagoak izango ditut, beraz. Utzi egin behar izan dut orain arte hainbeste gozatu dudan jardun murrizketa, eta astelehenak berriro bihurtuko zaizkit lan egun. Agian, pulpito honetara ere gutxiagotan igoko naiz, astia falta. Beste zenbait lantxo ere utzi egin behar izan dut, nire ohiko dispertsioa gutxitze aldera. Baina pozik ekiten diot lan berriari, aukera ikusten baitut hartzen dudan lekukoa aurrerago eramateko. Eta oso gutxitan izaten dugulako nire adinekook horrelako aukerarik.

On dagizuela urte berriak!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Urte berri, ardura handi-ri

  1. egilea: iturri

    Zorte on, eginkizun berri horretan. Beharko duzu eta…

  2. egilea: mikel

    Zortea etor dadin saitauko nauk. Mila esker!

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Urteberri on eta zorterik onena ardura berrietan, Mikel!

  4. egilea: Luxiano

    Zorionak kargu berriarengatik Mikel. Hizkuntza plangintza / Barne komunikazioa horrela deitzen zaion esparru batek ez dik makala izan behar. Animoso ikusten haut eta hori beharrezkoa izango dek.

    Denboraren arabera joango nauk-Ramoniren bidez, noski- hire audura konkretua zein den jakiten eta ondorioz baloratzen.

    Oraingoz, sorte on eta hemen naukak laguntzeko prest. Baina kontuz Mikel, kutxan dexente sufritutako batek esaten dik honako hau: Kutzatik at ere bizi daiteke eta oso ondo gainera, eta ez jarri intxaur guztiak “kapaxo” horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude