Bost urte luze iraun dute etxean, hauts artean, eta duela hamabost bat egun bota genituen. Etxeko liburutegia txukuntzen ari gara eta paper zaharrak botatzen. Tartean, bota berri ditugu hauts artean agertu ziren eta bost urte luzez iraun duten Sustaturen jaiotze paperak: 2001eko udaberrian Gipuzkoako Aldundiari lehen dirulaguntza eskatzeko prestatu genuen txostena.
Ni amaitzen ari nintzen Goiena sortzeko hartu nuen eszedentzia. Enpresa antolatuta zegoen eta komunikazioaren euskarri tradizionalak (prentsa, irratia, telebista) bideratuta; baina laugarrena (telematika deitzen genion) izena besterik ez zen, izanaz ez genekien ezer.
Eta CodeSyntaxekin egin genuen topo, artean Code&Syntax. Luistxok bazuen ideia bat landuta, buru pribilejiatuan sortzen zaizkion horietako bat, eta bazekien Goiena bidelagun aproposa izan zitekeela hura aurrera ateratzeko. Erakundeetan sarbide ona zuen, eta editore lana egin zezakeen hedabide berrian.
Nik ez nion antzik ematen Luistxok azaltzen zidanari. Baina intuizioak, eta Luistxoren buru pribilejiatuari diodan miresmenak, esaten zidaten aukera paregabea zela zerbait ikasteko, eta Goienaren laugarren hanka garatzen hasteko.
Ez nenbilen oker. Handik gutxira e-debagoiena egitasmoa sortu zenean, Jabier Retegik bultzatuta, Goiena gai izan zen puntan ibiltzeko Euskaltel, MU, Mondragon Conet, SPRI, MCC eta abarren artean.
Luistxo eta biak ez gara elkarrekin ezkontzeko jaioak. Baina 2001eko udaberrian Esteñibarren izan genuen txortaldi hartatik zerbait sortu zen. Eta dirau, paperak bota ditugun arren.
Euskal-Herrian txortan gutxi egiten dala baina, txortaldi batzuk behintzat, bai emankorrak! Gorde hazia badaezpadaere, garai exkaxagoetarako 😉
Beste aukera duk txortan sarriago egitea, tartean aukera gehiago egon dadin mirariak gertatzeko. Ez hintzan egon, edo?