Ostegun eguerdian izan nintzen azokan, aurrez Euskalerria Irratian Juan Kruz Lakastarekin hamar minutuz analisi politikoan jardunda. Landakon sartu eta neurrian ikusi nuen jendea, ez huts eta ez bete. Pasilo erditik gainbegiratzea, lotsabako ez; eta norabaitera arrimatu nahi banuen, arazorik ez. Baldintza horietan, erakargarriago egin zitzaidan azoka. Eta gehiago erosi nuen, astearteko Firin Faran saioan emandako paga osoa gastatu arte.
Lagun batzurekin topo egin nuen, hori ere neurrian. Pozgarri egin zitzaidan Pello Zubiria agurtzea, aspaldiko partez; are pozgarriago, planta eta aldarte onean aurkitu nuelako.
Gelditu zaidan inpresioa bat dator amaiera aldera nagusitu den ideiarekin: azoka egonkortzen ari da, bere neurrira etortzen. Oraindik gehiegizkoa da argitalpen berrien konzentrazioa azokaren inguruan, hori ere neurrira ekarri behar litzateke.
Badut, ordea, kezka bat. Gero eta gehiago produzitzen da, merkatu mugatu batentzat. Dauden laguntzekin erraza da liburu bat argitaratzea; egin zerrenda, bestela. Aldiz, irakurzaletasuna ez da neurri berean hazten, ez euskaraz eta ez orokorrean.
Euskarazko produkzioari nik emango nioke beste aukera bat: udaberrian azoka profesional bat, euskara hutsezko liburu eta diskoekin, beste hizkuntzetako argitaletxe eta banatzaileei zuzenduta. Dagoeneko baditugu hainbat idazle ospetsu kanpoan, hainbat hizkuntzetara itzuliak; eta udaberrian erakargarri da bizpahiru eguneko egonaldia gurean. Ez genuke gutxienez irudi ona salduko? Eta, agian, ateren batzuk -merkatu berriak- ireki?
Eta euskara bultzatzeko sortu zen azokak, zergatik utzi behar lioke euskaldun izateari?
Euskaraz orain beste azoka bat? Hori ere inbaditua izan dadin.
Utikan inperialismoa!
Nekatuta itzuli naiz, euskara sutan ikusi dugu Gure irratian, eta ondorio bera atera dut Durangotik itzulita. Euskal izateko ez da euskararen beharrik.
Euskara bultzatzeko sortu zen azoka negozio handitan bilakatu da, baina ez nuke esango euskara bultzatzen ez duenik dagoeneko.
Arazo gehiago eragiten dit erdal jendea euskarara hurbiltzeko helburuarekin sortu zen telebista publikoak -edo irratiak-, nola euskara existituko ez balitz bezala garatu diren. Horiek bai bereziki elikatzen dutela euskararik gabeko ‘basko’ izateko modu bat.
Beste kontu bat da euskarazko produkzioarentzat merkatua nola handitu epe motzean. Euskara hedatu bitartean, euskaraz sortua beste hizkuntzetan saltzea da hazkunderako bide bat. Imajinatu hemen fabrikatzen diren erreminta-makinak kanpoan salduko ez balira, non legokeen sektorea!
Hor kokatzen dut nik udaberriko euskal produkzioaren azoka, profesionala eta nazioartekoa.
Bigarren azoka egitearena ez zait ideia txarra iruditzen, baina ez ote da apur bat aspergarria liburu eta diskoak, horrela, euskarri tradizional modura salduko lituzkeen beste hitzordu bat sortzea?
Nik copyleft azoka bat antolatuko nuke, musika, literatura, ikus-entzunezkoak… doan deskargatzea bultzatzeko. Azken finean, jendeak debalde emandakoa harrapazka hartzen du. Zailagoa da ordea liburu edo disko batek balio dituen 10-20 euroak ordaintzea (Azokan saldu ditugun diskoen datuak eta deskargenak alderatuta ari naiz).
Pendrive batekin hurbildu eta stand bakoitzean propio jarritako ordenagailuetatik artxiboak kopiatu eta elkartrukatzea errazteko bidea emango luke, eta gainera sarearen logikari jarraituz sekulako publizitate kanpainarik egin gabe ere, marketin birala deritzona erabilita gauza politak egin daitezke.
Ez dakit horrekin “merkatua” sendotzen den, baina jendeak sosik gastatu gabe euskal kultura pila “kontsumitu” dezake. Ez da modu txarra erdal jendea hurbiltzeko ere (sarea etorkizuna da azken finean, eta nago erdaldun askok “euskal kultura” folklorearekin eta tradizioarekin lotzen duela oraindik -zenbait hedabidek txapelomagnismoa zabaltzeko egin duten ahaleginagatik dudarik gabe-).