Nire enpresak errespetatu egiten ditu egutegi ofizialeko jaiak eta nik ez daukat hori aldatzerik. Beraz, Espainiak bere konstituzioaren eguna ospatzen duen honetan, neuk ere jai daukat.
Berez, lege baten urteurrena ospatzea bezain inozo iruditzen zait laupabost egun jai hartzea duela bi mila urte judu bat gurutzean iltzatu zutelako; edo uso batek eragindako ernalketa susmagarria jai egiteko aitzaki hartzea, biogenetika laborategian ikertu ordez. Baita igandeari halako tratu berezia ematea ere, besterik barik gauza guztien egileak aurreko sei egunak behar izan omen zituelako nekatzeko, ahalguztidun eta nekaezina izan arren…
Aukeran, nahiago nituzke ospakizun naturalak: urtaro hasiera-amaierak; loraldiak eta uzta egunak, edo konjuro gauak; edota, nola ez, kosmosaren adierazpen txundigarriak
Baina, egungo egoera politikoak bereziki arbuiagarri egiten dit konstituzio espainiarraren ospakizuna. Zinez uste dut gure gatazka konpontzeko giltza ezinbestekoa dela independentziarako aukera irekitzea; eta, hain juxtu, konstituzioa da aukera horren kontrakoek zirrikitu guztiak ixteko jartzen duten harresi igaroezina. Nola ospatu trabaren eguna?
Alde ederrean bazkalduko dugu Gaintzabalen, Igartubeiti gaikaldean, Sarah eta Iñakirekin; ardo onarekin ospatuz lotzen gaituen adiskidantza gozoa, ez besterik.
On egin! Goienan, ospatu ez, eta lanean gaudenez, ba hainbat albiste ekarri ditugu gurera.
Besteak beste, kuriosoa egin zait Oñatiko gaztetxekoek antolatu dutena: “Edozein konstituziñoren aurka gauzelako, abenduaren 6xan bota puzkarra espainiar konstituziñuari” 🙂 : baba jana bideoan sartu dugu.