Ke arteko eguna

Arnedillon izan nintzen atzo, kea egiten. Badira ia 20urte lehen aldiz joan nintzela, bainuetxeak erakarrita. Lehen urte hartan lagunak egin nituen, eta geroztik haiek bisitatzera joaten naiz sarri, bainuetxera barik.

San Andres da Arnedilloko patroia, eta atzoko egunez ohitura kuriosoa errepikatzen da urtero herrian. Santua bizi da urte osoan kanposantu ondoko ermita baten, eta jaietarako parrokiara jaisten dute. Eta San Andres domekako eguerdian prozesioan ateratzen dute, herri zaharreko kalexka hestuetan zehar. Kalexka horietako biztanleek, bakoitzak bere atari parean sua egiten dute, eta han erretzen erromero hezea, ke handia eginez eta prozesioan datozenak ketuaz. Ke hori hartzen duenak ez du urte osoan katarrorik harrapatuko.

rafa

Rafa eta Pedro lagunek Tomba kalean dute etxe bana. (Rafa argazkiko txapelduna da. Argazki hau ez da atzokoa, baizik 2000koa, baina atzo hemen bertan zegoen nire sua) Tomba  kalea kalerik beteenetakoa da Arnedillon eta hori nabarmen ikusten da kearen egunean: atzo baziren 5 su kale goienean eta beste 8 barrenean, guztira 30 bat metrotan. Gainera, kaleak ez ditu 3 metro zabal tokirik erosoenean, eta larri ibiltzen dira santuaren anderoak pasatzeko, baita andra beroki dotoredunak. Are larriago, ke artean ez delako ikusten pausoa non eman ere. Hango eztula  eta negarra!

Eta ke egileok? Prozesioa abiatu orduko, sua egina izaten dugu, egur txikia erabiliz. Aldamenean prest daukagu erromero hezea, eta hau busti egiten dugu tarteka, sutara botatakoan garra barik kea egin dezan. Gainera, brojo adar handi bana erabiltzen dugu, kea kontrolatu eta auspotzeko. Prozesioa hurbiltzen denean, erromero bustia sutan jarri eta ordu laurden inguruz han egon behar da, ahalik eta ke gehien egiten, -‘así, así chavales!‘ esaten digute prozesioko  helduek- norberaren kea eta ingurukoena irentsiz, itolarriz eta malko baten. Gauza bitxia da ordea, behin kea amaitzen denean, bai eztarria eta bai begiak segituan datozela beren onera, ezer gertatu izan ez bailitzan.

Prozesioa pasa, sua itzali eta kalea ondo garbitu ondoren, San Andres kofradiak eskaini eta Pilik prestatutako txorizo eta oilanda arrautzak munduko jakirik ederrenak bihurtu zitzaizkigun, ardoak eta lan onak eragindako aldarte ederrean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude