Gizakion aurrerapausoak beti egon dira lotuak
erakundeen ardura publikoekin. Osasuna, hezkuntza, erretiroa, argindarra, ura
edo eskubide zibilak ez dira orokorrak izan harik eta erakunde publikoek
eskaini dituzten arte.
Informazioarekin, beste horrenbeste. Are
gehiago, euskarazko informazioarekin. Erakunde publikoen erantzukizuna da
herritarroi bermatzea informazio jario nahikoa eta zintzoa, informazio
interesatuei aurre egiteko gai izan gaitezen. Baita jario hori euskaraz iris dakigula,
hizkuntza indartsuen artean gureak iraun dezan. Hargatik, euskarazko toki
hedabideak zerbitzu publiko dira, argiteria bezala.
Toki telebistek legea behar zuten. Orain falta
da erakundeen bulkada, euskaraz eta publiko izan daitezen.
Post scriptum: paperaren mugen gaindi, badaezpada argitu nahi dut publiko diodanean ez naizela jabego edo kontrolaz ari. Niretzat Goiena, Goierri edo Ttipi-ttapa telebistak publikoak dira, jendarteari zerbitzu ematea dutelako helburu, eta ez dirua egitea edo interes partikular baten mesedetan jardutea. Diru publikoak aurrekontuaren portzentai bat estaltzen du (ETBn baino gutxiago), eta horrek jartzen ditu helburu komertzialak bigarren mailan.