Analisi bikaina irakurri dut Vilaweb albistegian, Kataluniako hauteskundeen ondorengo egoerari buruz. Ohiko topiko eta errazkeriak alboratuta, interpretaziorako hari mutur interesgarriak eskaintzen ditu.
Guztiak dira gurera ekartzeko modukoak, baina bat bereziki: l’efecte Roma deitu dutena, Italiako parlamentu zatikatua gogoan. Katalunian ere, 6 alderdik dute ordezkaritza. Eta bi alderdi nagusiak, CiU eta PSC, pisua galtzen ari dira. 1988an bien artean bazituzten 118 eserleku eta beste guztiek 17. Azken hauteskundeetan, proportzioa izan da 85-50. Ez nuke esango fenomeno orokor samarra ez denik, bipolarizaziotik bueltan ez ote gatozen.
Egoera honetan, Italian hobetsi dituzte hautes multzoak -blokeak- alderdien gainetik: l’Olivo ezkerrean, eta la Casa delle Libertà eskuinean. Horrela, blokeen arteko polarizazioa dago bai, baina mugimenduetarako aukera dezenterekin. Villaweb-ek uste du Katalunian ere Maragall horretan zebilela aspalditxoan (hiritar plataformak, Govern hirukoa…); aldiz Mas alderdikeriz jardun da eta ez du bidelagunik.
Gurera ekarrita, EAJk luke gerririk malguena: EA eta EBrekin orain, EHrekin lehenago, PSErekin urte luzez. Gerri malgua bai, baina ez daki zein den bere gustuko blokea. Sozialistek bloke apustu garbia egin zuten -Redondoren garaian- konstituzioaren defentsan PPrekin. Irabazi ez, itxaropena galdu eta biratzen hasi ziren. Epe ertainean, badirudi gobernu transbersala edo antzeko izeneko bloke baten bila doazela. Batasunak zailago dauka, legez kanporatu aurretik ere denbora gehienean isolatua eduki nahi izan dute beste alderdiek, ezin esan lagun askorik duenik. Urrun dago hemen EAJ oposiziora bidaliko lukeen progresuko gobernua!