Gordina da esaldia: ‘Jende gutxi bizi da
euskaraz; asko, ordea, euskaratik’. Ni, beti, lehen multzoan saiatu naiz. Orain,
aldiz, euskaratik bizitzea egokitu zait. Eta, profesionalaren begiekin, oso une
interesgarria ikusten diot euskarari.
Ziklo amaiera
Bakoitzak bere hitz eta ñabardurekin,
denontzat dago argi samar orain arteko estrategiak ez duela, bere horretan,
euskararen egoera normalduko. Gabezia horretaz jabetzea beharrezko zen, urrats
berriak egiteko. Ziklo bat amaitzen ari da eta berria hasten. Erabilera da
orain jomuga nagusia. Eta kezka nabari da, zerbait egin behar da, azkar eta
sendo.
Nola saldu
Euskararen normalkuntza teknifikatu egin da,
atzean utzita mitoak eta sineskeriak. Hizkuntzena izan daiteke bihotz kontua
banakoarentzat. Baina jendartean, gai teknikoa da eta tresna egokiz kudeatu
behar da. Euskara hedatuko da elebakarren interesa pizten duen heinean:
lanerako behar, harremanetarako komeni, aukerak ireki… ‘Euskara nola saldu’
bihurtu da lelo, Zakilixut bera ere jabetu da.
Zerbitzuaren kalitatea, marketingaren balioa,
liderren eragina, sare trinkoak eta antzekoak entzuten ditut lan berrian,
gustuko dut horien soinua.
Indar kontuak
Indar erlazioak eta aginpideak jartzen dute
hizkuntza bat goienean hala barrenean. Eta euskara, kontra izanik indar
erlazioa eta urria aginpidea, oker arituko da indarrez irabazi nahian.
Kataluniak Estatut berriarekin lortu
du katalana derrigorrezko izatea, baina indar asko metatu eta gero.
Alde honetatik ere, une politikoa aukerakoa da
aurrera egiteko. Gerria dantzatuz, euskarak limurtu egin behar ditu ordezkari
politikoak. Alegia, hizkuntzak ez diola inongo alderdiri kalterik ekarriko,
nola eta ez duen bere normalkuntza eragozten.
Lan arloa
Boladan, oso aktibo dabil Jaurlaritzako HPS
arlo honetan. Enpresaburuekin eta sindikatuekin sinatutako akordioek balio
sinboliko handia dute. Enpresek horretan dirua gastatzen badute, inportantea
den seinale. Eta zerbitzu enpresa handiak gurdira igotzen badira, emaitza
kuantitatiboak ere esanguratsuak izan daitezke.
Sinadura sinbolikoak lan mardula behar du
segidan, ikusmina ekintzetan bihurtzeko. HPSren txanpak bazterrak astindu ditu
eta ustekabean harrapatu bat baino gehiago. Lehen tirabiren ondoren, lankidetza
beharko da guztion artean. Euskaldun bat ere ez dago sobran.
Hedabideak
Gertakari handia izan da Hamaika taldearena. Kolore ezberdinak eta eragile pisuzkoak elkartu
dira, euskarazko toki telebistak sortzeko. Honek ere sinbolismo handia du eta,
gainera, ekimena gauzatzerik izango da lege berriarekin. Lehen argazkian falta
izan dira dagoeneko badauden telebistak, ea hurrengoan ikusten ditugun. Hemen ere, meta
daitekeen indar guztia beharko da, euskaratik kanpoko uholdeari aurre egiteko.
Profesionalak
Lan berrian, euskararen profesional asko
aurkitu dut, eskarmentuz jakintsu eta euskara maite dutelako gogotsu. Eta
psikologoak deskubritu ditut hizkuntza gaietan, jarrerak eta portaerak
aztertzen. Pertsonak barneratu egiten baitu hizkuntzen arteko gatazka, eta
korapilo bihurtzen. Horiek askatzea da gakoa. Giro, tresna eta laguntza egokiak
behar. Badago nork, ikasten ari gara nola.
Olatua
Bulkada askorekin, itsaso barean olatua hasi
da. Berez, olatuak ez du ura mugitzen, baina olatua balia daiteke ur gainean
mugitzeko. Ekitaldi sinbolikoek ez dute berez areagotuko euskararen erabilera.
Baina balia daitezke ekimenak abiatzeko, eraldaketak eragiteko, euskaldunak
aktibatzeko.
Aukera ona ikusten dut. Zumitz hauekin egin
daiteke zestoa.