Nafarroa inbaditu genuen

Nafarroa garai aldera jo dugu egunotan, aspaldiko partez: Lizarra, Tafalla,
Artaxoa, Tutera, Bardeak… Paraje eder asko ikusi dugu, patxadaz; tokatzen zenean, noski, bapo jan eta edanez. Gozatu galanta hartu duguna.

Hausnarketarako puntua jarri dit Nafarroa garaiko ondare historikoak.
Hemen jo ta fuego gabiltza gure herrien 650-750 urteurrenak ospatzen eta  han,
berriz, edonon daude  X-XI mendeetako eraikinak eta gertakizunak,
txukun asko gordeta. Esan nahi dut: inon egotekotan, han dago iraganeko enborra,
gu adaskak gara. Areago, nafar bandera gorria izanda erresuma zaharraren ikur,
berak behar luke balizko euskal estatuarena, Nafarroa izeneko estatu independientearena. Zertan gabiltza gu ikurriñak eta aberri izenak asmatzen?


Juan Kruz Alliri
irakurria diot zer nolako eraso kirtena izan zen
1977ko Askatasunaren Ibilaldia. Estatu frankista desegiten ari zela,
non agertzen diren baskoz osatutako jende andanak Araba eta Gipuzkoatik Nafarroara, ikurriñez lepo eta Nafarroa Euskadi da! etengabe
oihukatuz. Zaila da eraso inperialista bat hobeto antzeztea; eta hau
lotsa propioz diot, han bainintzen Arazurin, ikurriña eta lelo haien
pean. Txarrena da jardun baldarrak iraun egin duela, modu askotan. Sanzek ez du
izan meritu apartekorik, gure aldetik laguntza itzela jaso du.

Eta, hala ere, nafar jendarteak erakusten du behin eta berriz esparru
komunak nahi dituela mendebaldarrokin, haiek errespetatzen baditugu.
Azken adibide garbia izan da gobernuaren inkesta batek Iruñerrian
nabarmendu duen jarrera, euskararen alde.

Denbora asko eman dugu norabide okerrean aurrera baina, nafar askoren zintzotasunari eta  Nabarralde moduko ekimenei esker,
hasi gara beste ikuspegi batzuk gureganatzen. Nafartasunean eta euskaran elkartuko al gara euskalerritarrak!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude