Historia humanoa iragarri zuen Teleberriko aurkezleak. Eta
irudietan ikusi genuen Lander, hiru urteko mutikoa, ikastolan
sartzen ikasturte hasieran. Ohikoa izan zitekeen, baina zerbaitek
bereizi egiten zuen historia: Lander itsua da. Eta, bizpahiru minutuz,
bere aitak, andereñoak eta irakasle bereziak azaldu zuten Lander
normaltasunera hurbiltzeko egiten ari ziren ahalegina. Humanoa, polita.
Akats bakarra: Lander Elorrioko ikastolan dabil eta bai bera, bere
aita, andereñoa eta irakasle berezia, guztiak dira euskaldun petoak.
Baina Euskal Telebistan gaztelaniaz hitzegin behar izan zuten guztiek, historia humanoa ikusle guztiei iritsiko bazitzaien.
Non gelditu da ETB2ren eginkizuna, erdaldunak euskarara hurbiltzeko?
Zergatik ezkutatzen du erdal kateak euskara badenik ere? Nolatan ez
erakutsi, historia humanoak tarteko, badela euskaraz normal bizi den jendea, eta batzuetan jarrera eredugarriak ere izan ditzakeela?
Zergatik egin lezake edozein telebistetan Maragallek katalanez, eta Landerren aitak egin behar du ETB2an gaztelaniaz?