Uso bat ba omen du lagun, buru gainean jartzen
zaiona gai garrantzitsuetan ez dezan akatsik egin. Usoa oporretan dagoenean,
ordea, gizon arrunta bihurtzen da, akasduna. Oraingoan bezala.
Egunotan, Erromako gizon zuriak asaldatu eta sutu
egin ditu Asia aldeko gizon bizardunak: haien
erlijioak berezkoa omen du biolentzia. Bushen hitzak dirudite. Jakina da,
ordea, honek usoa baino zapelatza duela buru gaineko lagun.
Usoa buru gainean izan balu, gizon zuriak
gogoan izango zituzkeen gurutze sainduaren izenean bere erlijiokoek mendeetan
zehar isuritako odola, eta agintari odol zaleei emandako babesa. Eta, agian,
gizon bizardunak salatzen aritu baino, Erromak historian zehar eragin duen
biolentziaz barkamena eskatuko zukeen.
Post
scriptum
Gizon zuriduna
idatzi dut lehenbizi, zuriz jantzia adierazteko.
Baina gero aldatu egin dut. Izan ere, oraingo papa honek hain ditu zuriak ilea
eta larruazala, hain zuri begirada, gizon zuria
egiten zaidala: erdi mamu, erdi azti, kezkagarri. Egonezina sortzen dit, ezinegona.
Noizean behin begiratu zeure buru gainera, arranoren batek kaka eginda burua zuri-zuri gera ez dakizun. Egunkariak ireki, eta Bushen hitzak diruditen esaldiak irakurri ditut: armen bidez ideiak “aurrera ateratzen” jarraitzeko asmoa omen dute batzuk. Buru gainean txoriak ez bagenitu, gogoan izango genituzkeen kolore batzuen izenean isuritako odola, eta, agian, gizon zuridunak salatzen aritu baino, Euskal Herriak historian zehar eragin duen biolentziaz barkamena eskatuko genukeen. Ezta?
Zozoak beleari ipurbeltz.
Dialektikarako abildadea bezain besteko buru argitasuna izan bazenu,
seguruenik ez zenituen nahastuko piperrak arrozesnearekin, plater ona
irtengo zitzaizulakoan. Eta izengoiti barik garden agertu izan bazina,
orduan gusto handiz sartuko nintzen zurekin ideia trukean.
Hurrengoan beharko.
Ez zaitez haserretu egin ditudan hitz jokoengatik, zure platerari gatz piska bat botatzeko besterik ez dut egin. Ez ditut piperrak arrozesnearekin nahastu nahi izan, artikulua idazterakoan egin dituzun kontzeptu nahasketek nahiko bihotz-erre eman baitidate bestela ere (ez haserretu e…jeje). Hona hemen nik adierazi nahi nuena: guztiok begiratzen diegu besteen akatsei, eta geureetaz ahaztu. Ez dut uste hori esatea horren lekuzkanpokoa denik. Ezta? Agian, zure helburua tipo zuri batetaz gaizki hitz egitea bakarrik zen. Hala bada, badirudi nire erantzunak ez daukala horrekin zerikusirik. Baina horregatik jarri dut “ezta?” galdera, ironia piska bat erabiliaz. Zuk idatzitakoak nire erantzunarekin zerikusirik ez duen arren, eduki beharko lukeela adierazteko asmoz.
Post scriptum
Izenik jarri gabe ere garden jokatu daiteke. Ez naiz ezaguna, eta nire izenak ez du ezertarako balio.
Izenarena ez da gutxienekoa. Ez da gauza bera ezezaguna izatea eta
ezkutukoa. Gaitzizenak -edo antifazak edo pasamontañasak- adierazten du
jarrera bat iluna elkarrizketarako.
Eta gizon zuriari buruz, argibide bat. Erlijio bateko buruak salatzen
badu beste erlijio baten biolentzia, komeni zaio bere erlijioaren
historian ez egotea salatzen duen pekatu hori. Bestela, bera bihurtzen
da salagarri eta nik salatu egin nuen. Horrek ez nau behartzen ETA
salatzera, are gutxiago mezu berean. Ni ez bainaiz ETAko papa.
Hori esanda, nire idatziak jarraitzen dituenak badaki joera bat
izatekotan, ez dudala preziso etsaiak beti kanpoan aurkitzekoa, baizik
alderantzizkoa.