Duela gutxi, txakolingile lagun bati eskatu zioten telebistan adierazpenak egitea aurtengo urteari buruz. Eta berak baietz, adierazpenak bai, baina irudiak hartzeko orduan baldintza jarri zien: ez nire mahastian. Izan ere, aurten oso triste dago mahasti asko inori erakusteko, tartean gurea.
Loratze sasoian gorrinak harrapatu zituen hainbat mahatsondo, botika botatzeko orduan ez ginelako nonbait onddoa erasotzeko parean tokatu. Gorrin hura gero hedatu egin da eta landare guztiak daude orain ikututa, gutxi asko. Pertsonak nola, gaitzak ahuldu egiten ditu landareak ere eta azken asteotan dena dute kalterako: beroa, hotza, euria eta lehorra. Eta uztailean uztaren heren bat edo galduta bazegoen, irailean uzta osoa dago ia hilean. Zimeltzen ari dira garauak eta mahaspasatzen, lehorteak edo auskalo zerk eraginda. Pentsatzen hasiak gara aurten txakolina barik plum cakeak egitea, materiala probesteko.
Umoreari eutsi dakioke, dena den, mahatsa ogibide ez den neurrian. Ezin dut imajinatu ere egin nolako haserreaz nengokeen nire diru iturri nagusia balegoke jokoan. Alde horretatik ulertzen dut nola, gurea bezalako lurralde malkartsu eta klima hezekoan, industrializazio sasoian nekazaritza arriskutsua utzi eta fabrikako ziurtasunera egin zuten ihes gure aurrekoek. Ez nau harritzen.
Justu bihar, hilak 14, egingo da berba kontu hauen gainean. Ibarretxe bera ere agertuko da baserritarren alde. Txabarri, Debabarreneko alkate guztiak, Debagoieneko alkateak, nekazaritza sailburuak, diputatuak… eta tartean artemanek egindako bideo adierazgarri bat. Bertan agertzen dira baserritar ekoizle pila bat, gazta egileak, arrantzaleak, Javier Retegi, Alberto Iñurrategi, Alfontso Gorroñogoitia… Bideo polita landu dute laburtuta hauxe ohartarazteko herritarrei: landa ingurunea bizirik dela eta guztion laguntza behar duela.
Eta zuk esan duzun moduan, Mikel, zaindu beharko dugu industrializazio sasoian nekazaritza arriskutsua utzi eta fabrikako ziurtasunera ihez egin ez dutenak. Espaloia Kafe Antzokian izango da, ekitaldia 10:00etan. Debagoieneko Deba Garaia eta Debabarreneko Debemen nekazarien eta abeltzainen elkarteek antolatua da kanpaina.