Egun seinalatuan -gaur- itzuliko dira tertuliak Mezulariara, Euskadi Irratian. Laugarren denboraldia du dagoeneko saio honek eta, audientzia datuen arabera, osasuntsu dago: maiatzeko EGMk
15.000 entzule eman zizkion bataz beste, aurrekoaren aldean nabarmen
gehiago. Norbaitek esango du ez direla asko, 600-800.000 euskaldun omen
daudenean; baina pentsatzekoa da ez dela beti izango jende berbera, eta
txandaka 50.000 mila edo izan daitezkeela gure berriketak entzuteko
ohitura dutenak. Niri behintzat jende askok aipatu izan dit Mezularia,
eta inondik ere espero ez nuen pertsonarik ere izan da.
Aurtengoan, badira tertuliakide berriak: Floren Aoiz, Batasunako bozemaile ohia, eta Fabián Laespada, Gesto
por la paz-ekoa. Gehienak, baina, lehengoak izango gara eta uste dut
eutsiko diogula orain arteko estiloari: iritziak libre bota -inoiz ez
dut tokerik jaso- eta giro onean, bronkarik gabe. Hori da, nire ustez, tertuliaren gakoetako bat.
Bestalde, badakit aurten iturri digitalak egokitu egingo dituztela. Ea gutxienez aurki erabiltzen duten! Eta esan didate luxuzko kolabaratzaile parea ere fitxatu dutela: Joseba Zulaika eta Anjel Lertxundi.
Agerikook nahiz itzaleko lantalde prestuak, ohiko gidari bikaina izango dugu: Maite Artola.
Ongi etorriak irrati uhinetara berriz ere! Entzule sufrituak uda guztia hemen egon gara, tertuliarik euskaraz ezin entzun. Guk ez dugu zuen besteko oporrik izan.
Zergatik Radio Euskadin ez dute oporrik hartzen (edo gutxiago hartzen dituzte) eta Euskadi Irratian aldiz, denak oporretara joaten zarete bi hilabete eta erdiz?
Mikel, eskerrik asko kexa bideratzeagatik.
Uda partean oso gutxi entzuten diat irratia, baina goizean tertuliak ez dik etenik izan. Bazekiat, berak esanda, Martin Barriuso adibidez guardian egon dela, Jose Luis Elorza eta besteren batzukin.
Radio Euskadik arratsaldean ere eutsi ziok tertuliari? Beti pentsatu izan diat ETB1 eta ETB2ren artean baino alde txikiagoa zegoela RE eta EIren artean. Dena den, helaraziko diat hire kexa, Gari. Eta eskertzen diat fideltasuna! Ondo izan.