Hemen zarete berriro, oporretan joandakoak bueltan. Batek ametsa bete du, ikusi du desio zuen parajea, konpainia egokian. Besteak, tramitea bete: tropelean joan, artaldean egon eta tropelean itzuli. Izango zen dezepziorik ere, itxaro zena aurkitu ez duenarengan.
Oporretan joandakoei buruz bi gauza bitxi irakurri ditut. Bat, egunerokoan pozik bizi ez dena omen oporretarako irrikan egoten dena. Honek arazo latza izan lezake itzuleran, une bateko zorionak ez baitio egunerokoa konponduko. Biziki gomendatzen diot Billy Wilder-en filma bat, Avanti!
zoragarria. Lagungarri izan dakioke.
Bigarren bitxikeria: oporretan elkarrekin denbora larregi igaro eta irailean diborziatzen omen da bikote asko. Horretarako ez daukat erremediorik.