Atal banatan aurkeztu dizkizuet dagoeneko Txuri eta Beltxi. Nire inguru hurbilena osatzeko norbait falta da, ordea: nire bikotekidea, Fatima. Itzalean egoten da gusturen, horregatik bota dut katuena aurretik, bestela ez baitzidan baimenik emango bera hemen ateratzeko.
Ez da, haatik, lehen aldia blog baten agertzen dena. Orain baino lehen, Julen Gabiriak eskaini zion tarte hau bere blog ohi (ai!) bikainean. Orduan ere, anaiaren itzalean aurkitu zuen Julenek Fatima, bere zelulekin Joxeri osasuna itzulita gauza handirik egin izan ez balu bezala, barne poza asko kanporatu barik.
Hogeita hamar urte daramagu elkarrekin. Bilera klandestinoan egin genuen topo, ESBren
sorrera prestatzen ari ginela. Eta segituan egin ginen bikote, berehala
igarri genuen elkarrekin zerbait sendo sortzeko gai ginela.
Harrezkero hainbat bizileku korritu dugu, milaka kilometro batzuk
egin ditugu bizikletak kargatuta, makina bat une gozo eta barre aldi
egokitu zaigu. Atzera begirakoan, poz lasaiez ikusten dut elkarrekin
egindako ibilbidea.
Duela 14 urte, Esteñibar agertu zitzaigun. Arrasaten bizi
ginen orduan, Fatimaren sorterrian; hiltzea omen zegokidan herrian.
Baina paraje berriak liluratu egin gintuen, eta Fatimak erantzun egin
zion nire tiradizoari. Bikain erantzun ere, ni bezain pozik bizi baita
hemen, neroni bezain murgildua hemengo bizimoduan. Konforme jarri
zitzaidan argazkirako ere, atzeko mahasti zaindua ikustekotan.
Poeta batek noizbait idatzi zuen, Fatimarekiko sentitzen dudana ondoen adierazten duen esaldi hau: Compañera del alma, compañera…