Aurreko albistea aspalditxokoa da, baina atzo sartu zen erantzun bat. Zehatzago, galdera bat:
Eta zertan da Kutxan izandako lan aldaketa hori, galdetzea atrebentzia handia ez bada?
Gaur hasi naiz erantzuten, eta sistemak ez dit onartu. Nonbait epe bat dago galderantzunetarako eta atzo bukatu zen. Ez dut, ordea, galdera erantzun gabe utzi nahi eta hemen kopiatzen dut prestatuta neukan testua:
Galdetzea libre duk, eta ez erantzutea ere bai. Baina kasu honetan etzagok eragozpenik.
Kutxan 20 urtez egon nauk jendaurrean, leihatilan. Lan komertziala baino nahiago izan diat zerbitzu ahalik eta txukunena ematea. Baina lan mota horretarako baldintzak okertuz joan dituk urteetan zehar, eta azken boladan ez ninduan gustura ari, presio handia genian eta gauzak ondo egiteko astirik ez. Horregatik sufrimendua.
Halako batean, txiripaz, zerbitzu zentraletako zuzendari batek fitxatu naik bere talderako, bi eginkizunekin: euskara zerbitzuari laguntzea pilatzen ari zitzaizkion gaiekin, eta gizarte ekintzakoei laguntzea Debagoienerako jardunean. Hau da, erabat gustuko ditudan bi lan; eta, gainera, patxadazko giro atseginean egitekoak. Ezingo nikek imajinatu loteria hoberik. Horregatik natxiok hain pozik.