Iaz mahatsaren kontakizuna arretaz jarraitu zuenak, honezkero igarri du aurten ez dagoela apenas aipamenik. Arrazoia oso sinplea da: urte eskasa doa, mahats asko galdu da, dagoeneko. Eta ez Esteñibarren bakarrik, Bizkaia aldean arazo asko dago, Gipuzkoan ez dakit.
Gorrin eguraldia nagusitu da aurtengo udan: hezetasun handia, sirimiri eta ihintz ugari, sargoria, zeru garbi gutxi… Berez, apirilean hasita mahastiari egiten diogun tratamenduak nahikoa behar luke horri guztiari aurre egiteko, baina aurten ikusi da oraindik ez dugula dena ondo egiten.
Galeraren arrazoiak bat baino gehiago izango dira eta badut honetaz kexa puntu bat erakundeekin. Bizkaian, Aldundiak oso kontrolatuta dauka txakolinaren sektorea, eta gainera badugu txakolingileon elkarte bat ere, Bialtxa izenekoa. Ordea, urtea hain txarra joan arren, ez dute ahalegin berezirik egin arazoa aztertzeko eta akatsak igartzeko, hurrengo urtetan gauzak hobeto egin ditzagun. Bakoitzak bere aldetik atera behar izan ditugu ondorioak.
Gabezia horrek eraginda, mahastizaintza liburuetara jo dut. Eta uste nuena baino askoz gehiago ikasi dut. Hainbat akats aurkitu ditut nire jardunean, hobeto ezagutu dut mildiu gaitza eragiten duen onddoa, eta hartu ditut hainbat erabaki datorren urterako.
Eta ez dut sufritu. Pena ematen dit mahats galduak, baina lasai hartu dut galera. Uste dut baduela zerikusirik Kutxako lan aldaketak: lehen, haserre nenbilenean, mahatsak eman behar zidan poza eta fallatzen bazuen, akabo mundua; orain, han pozik nabil, eta hobeto eraman dezaket mahatsak kale egitea. Lagun batek esan dit blog honi berari ere antzematen zaiola tonu alaiagoa, azken boladan.
Total, aurtengo abuztuan, nola mahatsa bera eta mahatsondoak triste samar dauden, pentsatu dugu mahastia behintzat dotore jartzea. Eta bi asteotan jotafuego ibili gara Joxe/Bego/Gurutze/Fatima eta bostok belarra apaintzen.
Lan gogorra da, baina oso esker onekoa. Ikusi bestela:
Eta zertan da Kutxan izandako lan aldaketa hori, galdetzea atrebentzia handia ez bada?