Txuri sei hilabeteko katueme gaztea zela, inguruko katu beltz bat hasi zen gurean agertzen eta halako batean harrapatu zuen gure dontzella. Familia handia etxaurrean bazkaltzen ari ginela harrapatu ere, denon bistan. Txortaldi laburraren amaieran, Txurik ohiko karraxia bota zuen eta Usue, Bergarako iloba, -artean 6 bat urteko neskatila- ikaratu egin zen: Zer egin jau?
Haragikeri haren ondorioz, handik bi hilabetera jaio zen Beltxi, aita bezala beltz erabatekoa. Arraroa da katakume bakarra jaiotzea, eta esplikazioa izan omen daiteke ama hain gazte izatea.
Beltxi arra da. Edo zen, antzutu genuen arte. Lorenzo lagunak senperenak eta bi esaten dizkit horregatik, eginik heuk aprobie bat kenduta, notejode! eta antzekoak. Baina Beltxik 10 urte hartu ditu, bestela bizpahiru urte bizi diren katuen aldean. Eta, noski, oso aurpegi graziosoa jartzen du katuemeen deiak entzuten dituenean arreske.
Mahastizain amorratua da. Ez da egongo munduan beste katu bat Beltxik adina dakienik mahastizaintzaz. Horretarako, mahastira goazen bakoitzean gurekin etortzen da eta adi-adi egoten, guk zer egingo.
Eta ez mahastian bakarrik, bestela ere, oso laguntzaile fina da Beltxi. Adibidez, afal ondoren pixka bat ibiltze aldera, zakarra eramaten dugu maiz, 300 metrotara dagoen ontzira. Ba, zakar poltsa ikusi orduko, Beltxi fijo etortzen da gure ondoan zakarrontziraino. Behin hara iritsita, miaaaau luze bat egiten du eta, nola behera begira gelditzen den, besoetan hartu eta jiratzen dugu gorantz. Zeremonia laburra amaituta, hor abiatzen gara hirurak etxera bueltan.
Imajinatuko duzue oso zaila dela katu beltz bati ilunpean argazkia ateratzea. Horregatik doa beste hau, Beltxiren planta dotorea ikus ezazuen.
Ama mimosaren semea oso zakarra izan da gaztetan. Baina adinaz biguntzen ari da Beltxi ere, gero eta sarriago eskatzen ditu ferekak. Eta amak kontatzen dakien bezala, semeak hitzegin egiten du, asko eta garbi. Guk bakarrik ulertzen diogu, baina hori Beltxirentzat nahikoa da.