Astebete gurekin pasata, itzuli dira bakoitza bere etxera gure urrezko neskak. Konforme ibili dira eta konforme joan. Eguraldia portatu egin zaigu: bero handirik ez eta, tarte pare bat kenduta, ateri. Ahal eta nahi adina egin dute paseoan eta etzanean; apetitu onez eta estimatuta jan dute jarritakoa; komeria batzuk ibili dituzte belarriko aparailuekin; eta behin baino gehiagotan tokatu zaie giro zaratatsuetan ezer entzun ez eta irribarre fijoarekin itxoitea, zarata baretu arte.
Eskapadatxo pare bat egin dugu: bat Berriozabaleta auzo bitxira, eta patxadaz jarrita egon ginan auzo barreneko iturri harrigarrian; bestea, Arrazolako bidegorrira, eta han ere gustura ibili ginan zelai eder eta ardi/ganadu artean.
Joan aurretik, ordea, opari bikaina utzi digute. Atzo, bazkalondoan, eguzkia genuen etxe aurreran eta kapelak banatu zituen Fatimak. Ikusi ze estilorekin jazten duten kapela urrezko neskek, Joxeren aldean.