Kanpoan tokatu naiz urteurren egunean, baina 30 urte pasa eta gero, onartuko didazue egun batzuetako berandutzea. Bergarako ekitaldiaz ari naiz, 1976an, Foruen berreskurapenaren alde.
Orduko zenbat protagonista bildu dira berriro Bergarako udaletxean. Deigarriena, Patxi Basauriren kasua, Elgetako alkate jarraitzen baitu, 30 urte pasa eta gero! Zorionak, Patxi, marka danak apurtzen zabiz!
Neu ere han nintzen Bergaran, 76an. Ez udaletxean, baizik plazan, pankarta bati eusten. Euskal sozialismoaren alde, Goierriko ESB zioen. Bezperan sartu genuen pankarta Bergaran, militante batek herriz herri zebilen furgoneta baten. Aurrez esan zigun non aparkatuko zuen, eta giltza eman zigun geuk hartzeko biharamunean, Bergarara heltzean.
Ez zegoen samurra: kontrol itzelak jarri zituen guardia zibilak sarreretan. Franco hilik zegoen, eta alkateek deitutako ekitaldia zen, baina errejimena oso zurrun ari zen sokari jaregiten, eta guk presa genuen askatasuna irabazteko.
Alkateen mugimendua oso garrantzitsua izan zen. Artean ez zegoen alderdi legezkorik, eta haiek hartu zuten herri ekimenaren gidaritza, kolore askotako jendea ordezkatuz. Zer pentsa ematen du kontu honek, zenbateraino alderdiek banaketa ezartzen duten gizartean eta elkarlana trabatzen. Idatziko dut honetaz, patxada hartzen dudan egun baten, badut tesi bat haizatzeko.
Mugimendu hartaz, ahantzezina zait Garaia aldizkariak argitaratu zuen biñeta. Alkateak Madrilen izan ziren gobernuarekin negoziatzen, eta bidaian maletak galdu zituzten. Marrazkietan, aztoratuta agertzen ziren alkateak, beraien artean bertsotan. Bi gogoratzen ditut: Aretxabaleta, Aretxabaleta, non duk hire maleta? Eta bestea: Eskoriatza, Eskoriatza, guri gertatu zaiguk latza!. Egilea zen Letamendia izeneko abade ohi bat, baina ez daukat datu handirik.
Nire alderdiak, ESBk, pisu dezente zuen alkateen mugimenduan, eta indar betez bultzatzen genuen haien lana. Ondo gogoratzen badut, gure pankartak ziren nagusi Bergarako plazan.
Alderdi sortu berria mitinak ematen hasi zen uda hartan, eta berehala egokitu zitzaidan nire lehena ematea Aretxabaletako kiroldegian. Baina hori, lagunak, beste historia bat da eta bere urteurrenean kontatuko dizuet, argazki eta guzti.