Sasoi honetan, bisita ilustrea jasotzen dugu Esteñibarren: Golden bikotea, Paula eta Kontxa, Fatimaren ama eta nirea. Gurekin ematen dute aste bete, elkarrekin paseatuz Gazetan zehar, berriketa baten. Bakarrik bizi dira urte osoan, bata zein bestea, eta elkarren asetu bat hartzen dute egunotan.
Paulak (ezkerrean) baditu 89 urte eta entzuteko bi aparailu. Kontxak 87, eta oraintxe jarri du bigarren belarrikoa. Hitz egiteko ez dute aparailurik behar, ez batak eta ez besteak. Paseatzeko ere ezer gutxi, apenas Paulak makulutxo bat. Hori bai, oinez zenbat denbora ematen duten, beste horrenbeste gutxienez behar izaten dute ondoren etzanda egon, gorputza bere onera etorriko bazaie.
Paula eskoriatzarra da, Uritte baserrian jaioa. Hamalau urterekin irten zen etxetik neskame (berak kriera esaten du) eta, ibilian, aurkitu zuen Angiozarko Aguletan jaiotako Julian, soinujolea eta Zerrajeran ajustadore. Arrasaten jarri ziren bizitzen, eta han jarraitzen du Paulak, alargundu eta gero. Ibiltari amorratua da, markapasosak uzten dion neurrian eta kafiaspirinaz dopatzeko beldur barik.
Kontxa Ormaiztegin jaio zen, Telleri Zahar baserrian. Bere aita sasiletradue izan, eta Kontxari batxillerra hasteko aukera ere egokitu zitzaion. Gero gerrak irten zuen eta, aita ezkertiarra ere bazenez, anaiak frentera joan ziren, errepublikaren alde, eta gainontzeko familia herbestera. Kontxak hilabete dexente eman zituen Frantzian, eta ordudanik gordetzen du esaldi mordoxka frantsesez. Migel Mari karrogilearekin ezkondu zen eta, alargun, Ormaiztegin bizi da, Madrilen urte batzuk eman ondoren.
Fatimak eta biok 30 urte daramagu elkarrekin eta ohitu egin gara etxean gu bakarrik egoten; horregatik, batzuetan izaten ditugu lanak apupilekin akoplatzeko. Baina, sasi guztien gainetik, astebete honek gustura uzten gaitu. Une asko izaten dira bereziki politak; gainera, urrezko neskak oreatuta itzultzen ditugu, bakoitza bere etxera; eta, batez ere, oso ondo datorkigu gure zahartzaroa irudikatzeko. Hartuko genuke 90 urteetara inguratzea Paula eta Kontxaren antzera: aje eta maniekin, baina adoretsu.
Artikulu polita, Mikel. Baita argazkia ere. Zorionak, bide batez, argazki makina berria astintzen hasi haizelako blogaren mesederako. Segi ondo.