Udako unibertsitatean

Astelehena da eta Iruñean nago. Udako Euskal Unibertsitateak ekarri nau nafar guztion hiriburura, aspaldiko partez. Duela ia 30 urte ere izan nintzen, osasunaren antolaketaz hitzaldia ematen, Larraona egoitzan. Hiru hamarkada geroago ikasle nator, euskararen erabilera sustatzeko mintegira, lan berriak bultzatuta.

Ez dirudi nireak progresio itzela, areago litzateke erregresioa. Gaztetu ere egin naiz ikasle bihurtuta, denboran atzera bainindoan. Orduan letxe, bihar goizean urduri samar jaikiko naiz, klasera joan behar eta. Ez, ez da gauza txarra helduaroan ikasteko prest egotea.

Zuekin etena datorkit aste honetan. Ea irailean, bueltan, ‘beste horiek’ lana ondo egin duten, eta gauzak aurrerago aurkitzen ditugun. Ondo pasa!

**Iruñetik bueltan**:

  • Jende gutxi bildu da aurten UEUn. Bi ikastaro bertan behera gelditu dira eta gehienak talde justuekin egin. Eta ikaslerik ez da egon, denok ginen euskararen profesionalak. Aztertu beharko du UEUk ea zein den bere tokia etorkizunean, zerk egingo duen berezi. Gaiak? Mailak?
  • Gure ikastaroa, soziolingüistika, erabat bete eta jendea sobran izan zuen. Gaira iritsi berri honi, hiru eguneko programak eman dio errepaso txukuna eta murgiltzeko aukera. Baina gauza berriak baino ugariago entzun ditut kontu zaharrak, batzutan zaharkituak.
  • Iparraldeko EEP iruditu zait oso interesgarria. Euskararen estatusarekin itsutu gabe, galera larriari aurre egiteko bidea aurkitu dute. Zorte on, Cristophe eta konpainia!
  • Gipuzkoako Aldundian egindakoaz Joxean Amundarainek emandako hitzaldia izan nuen gustukoen. Hor ere asmatu egin dute gauzak egiten, indarra eta abildadea tartekatuz, segun eta zer behar zen. Joxeanek berak oso ideia argiak ditu eta niretzat erreferente bihurtu da, euskararen berreskuratze gaietan.
  • Ohi baino gutxiago, baina hemen ere aurkitu dut tristurarako joera, ze txarto gauden, ze gutxi egiten duten erakundeek, ze txarto ari diren hau edo hura… Hala ere, aurkitu ditut zantzuak pentsatzeko ziklo berri bat has daitekeela euskararen biziberritzean, duela 25 urteko hasi zenak eman duela berea. Ideia moderno batzuk entzun ditut, beharko ditugu gainera estrategia modernoak. Uste dut hasi behar dela osatzen euskaltzaleon sarea eta funtzionatu lobby gisa, indarra metatu eta erabiliz ahal denean, eta sedukzioa landuz nahiko indar ez dagoenean. Asmatuko al dugu!
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Udako unibertsitatean bidalketan

  1. egilea: Iñigo

    Benetan pozten nau, Mikel, zuk zure ekarrian “sedukzioa” aipatu izana.

    Ez dakit irakurri ote duzun, baina artikulu luze samar bat idatzi nuen euskarak komunikazioaren esparrutik jaso dezakeen bultzadaren inguruan:

    http://www.sweetcreeps.com/euskaraz2/categories/9-Euskara-nola-saldu

    Sinistituta nago zer irabazi asko dugula euskarak eta euskaldunok bide horretatik. Kontua da ez garela oso limurtzaile (izan)…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude