Garai bateko Mundo joven edota Salut les copains bilakatzeko arriskua somatzen hasia nago, horrenbeste musika Piperrautsan. Baina zer nahi duzue, uda da eta kortxeak dabiltza non nahi.
Kontua da atzo Zurriolan nintzela, Kursaaleko gradetan, sarrera ordainduta. Eta inguruan dezepzioa somatu nuela. Dylan mitoa da eta horrek erakartzen du jendea, bere musikak edo sinpatiak baino areago. Baina mitoa haragi bihurtzen denean, zugandik metro batzutara jartzen denean, orduan musika bakarrik gelditzen da, eta sinpatiarik eza. Hortxe iristen da dezepzioa.
Dylanek kantu handiak egin ditu, eta testu enblematikoak. Baina egiten duen guztia -eta urte asko darama etengabe- ez da ez handia eta ez enblematikoa. Banda indartsua ekarri zuen, noski, maila onekoa, baina emaitza ez zen apartekoa izan. Kantu mitikoak desitxuratuta eman zituen, ezagutzen zailak, eta bestelako rock-bluesak txukunak ziren, onak nahi bada, baina ez mitikoak. Zenbat ale saltzen du Dylanek, disko berri bakoitzetik?
Estimatzen zaio kemena eta haserre puntua. Baina aurpegiratzen zaio zakarkeria: talde barruan ezkutatuta, pantailetarako irudiak oso urrinekoak (zimurrak ezkutatu nahi, Bob?), inongo keinurik ez milaka entzuleei, hitz bakarrak taldea aurkezteko… Ez zegoen bakearen aldeko kontzertu baten, baizik bere tour partikularraren enegarren geltokian. Txarto ez, baina dezepzioa.
Bi kontu bukatzeko. Bat: sekulako jendetza zegoen Zurriolan. Eta bi, Mikel Laboa ez dago trotetarako, agian azken aldiz ikusi genuen atzo oholtza baten gainean.
Ah, hobeto horrela bada… orduan nengoen lekutik ez nuen ezer ikusten, pantailak ere ez,bakarrik erdiko bafletatuk zetorren musika entzuten nuen. Ea Laboaren beste kontzerturen bat ikusteko aukera daukagun.