Ez da maiz gertatzen musika talde baten jaiotza bizi izatea. Niri larunbatean gertatu zitzaidan, Musikaire jaialdietan, Gazetako ermitaurrean, Aintzina taldearekin.
Alan Griffin (haizezkoak), Zigor Sagarna (ahotsa, baxua, panderoa), Arkaitz Miner (bibolina, mandolina) eta Pepe Otxandorena (bouzoukia).
Duela hiru bat hilabete deitu nion Alani, eta proposatu Musikairerako kontzertu bat, Arkaitz eta Peperekin jotzen zuten musika irlandarra jo zezaten Elorrion. Orduan aipatu zidan errepertorio berria prestatzen hasiak zirela, berak jasota zeuzkan 111 euskal erromantzetako batzuekin, Juan Mari Beltranenean saio labur bat egiteko. Pozik hartu nuen albistea, Elorriora estreinaldi bat ekartzeko aukeraren aurrean, eta berehala animatu nuen. Bigarren kontzertu honek eskatzen zien bi gauza: saio luzeagoa prestatzea, eta izena hartzea. Eta Aintzina aukeratu zuten.
Joan zen larunbatean eman zuten kontzertua Gazetan, orduan gertatu zen erditzea. Eta haurra ederra da oso, taldea bikaina da.
Alan eta Arkaitz bikote beldurgarria dira melodiak jotzen, arin edo mantso, parean edo elkar osatzen. Peperen bouzoukiak akorde modernoak eransten ditu eta Zigorren baxuak -tarteka- indarra. Honen ahotsa -norbaitek aipatu zituen Ruper eta Natxo ahots bakarrean- eta kantaera oso egokiak dira. Eta errepertorioa, erabat gustagarri. Euskal kantu zaharrak, instrumental berriak (batek Estenibar du izena), eta irlandar tarteak oso ondo josten dira, eta bi orduko kontzertua labur egin zitzaien entzuleei.
Kontzertu bikaina, inondik ere. Egin dezala ibilbide luzea Aintzina taldeak!
Hau da hau! ointxe entzuteko gogua sartu jata! Arkaitz ezagutzen dot aspalditxotik eta benetan da ona musikari lanetan. Disko aukerarik?
Asmoa baditek, udazkenean edo. Gutxienez, orain arte egin duten lana jasota uzteko. Bitartean, kontzertuak komeni, diskoa biribila irten dadin. Espaloian, adibidez?