Iaz idatzi nuen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaz (RAKS). Aurten laugarrenez epaimahaikide izan naiz eta gaur banatu ditugu 2006ko sariak, Andoaingo Bastero kulturgune bikainean.
Aurtengo palmaresa ondokoa izan da:
- Kazetari Gaztea Saria (3.000 ): Ekaitz Agirre (Berria)
- Epaimahaiaren Sari berezia (4.000 ): Elhuyar
- Sari Nagusia (9.000 ): Imanol Murua Uria (Berria)
- Ohorezko aipamena: Pello Zabala
Xehetasunak nahi bazenitu, hemen duzu azken erabakia osorik. Nik ekitaldia azpimarratu nahi dut, asko gustatu baitzait. Sarien banaketako ohiko protokoloarekin tartekatu da Gu gara euskal prentsa DVDaren aurkezpena eta emaitza bikaina izan da. DVD hau asteburuan banatu da Argia eta Berriarekin, eta UEUren bazkideek ere jasoko dute, 12.000 ale egin baitira.
Produktuak oso material ona bildu du, eta egileek -unibertsitate ikasleak- zoriontzea besterik ez dute merezi, lan bikaina egin baitute. Euskarazko kazetaritzaren historiako aldi zail bezain oparoa islatuta gelditu da hor.
Aipagarri da bai Andoaingo Kultura zinegotziak eta bai Jaurlaritzako Kultura Sailburuak Sari Nazionaltzat jo dutela RAKS. Ados. Orain bakarrik falta da izenari izana ematea, eta RAKS sendotzea, urtean behingo lore exotiko barik, urte osoko jardun oparo bihur dadin. Ea zelopatiak ez diren oztopo izaten.
Ekitaldira hurbildu dira 150 lagun inguru, hedabideetakoak eta herritarrak. Eta deigarri da hedabide handi samarretako ordezkariak bakarrik hurbiltzen direla RAKSera, baldin eta beraien langileren bat saritua izan bada. **Por el interés te quiero Andrés zioen nire amonak. Nago RAKS**ek hori baino gehiago merezi duela.