Urte eta erdi obratan eman ondoren, 95eko Sanjoan bezperan gelditu ginen lotan lehen aldiz Esteñibarren. Artean sukaldea muntatu gabe zegoen, pintura lanak erdizka genituen eta arotzei dezente falta zitzaien. Hauek, hain juxtu, Sanjoan egunez lanera iritsi eta han aurkitu gintuztenean (Arrasaten jai zen, Elorrion ez), orduan bakarrik sinetsi zidaten aspaldi esaten ari nintzaiena, alegia, Sanjoanetan sartuko ginela etxean. Aste bete eskas behar izan zuten guztia amaitu eta alde egiteko.
Gaur bete dira hamaika urte. Eta ostirala zenez, familiak gonbidatu ditugu suaren bueltan urteurrena ospatzera. Joxek argazki ederrak jarri ditu hemen
Hamaika urteotan, bizimodua aldatu egin digu Esteñibarrek, hobera. Lehen baino pertsona sendoagoak gara Fatima eta biok. Eta maite ditugunekin elkartzeko aukera paregabea ematen digu, aldioro. Zorteko gu, asmatu genuelako!